Markina-Xemeingo Udalak herritarrekin elkarlanean karmenetarako protokolo feminista landu nahi du
Lehenengo saioa datorren eguaztenean [maiatzak 22] egingo dute, 18:00etan, kultur aretoan. Zaintza zerbitzua egongo da: behar dutenek astelehena baino lehen eskatu beharko dute.
Hilabete gutxi falta dira Markina-Xemeingo Karmen Jaietarako, eta jai feministak eraikitzeko bidea lantzeko asmoz, herritar guztien artean hausnartzeko hainbat saio egingo dituzte. Markina-Xemeingo Udalak jai “aske eta parekideak” lortu nahi ditu, eta horretarako herri protokoloa osatuko dute: “Indarkeria matxista eguneroko ogia bada ere, jakitun gara jaien testuinguruan ere indarkeriaren adierazpen gordinak azalerazten direla”.
Adierazi dutenez, herritar “guzti-guztiek” jai aske batzuetaz gozatu ahal izateko “beharrezkoa” da edozein motatako indarkeriari aurre egitea, eta horretarako bidean, bakoitzari dagoion ardurak hartzea. Hori horrela, “urrats garrantzitsua” ematera doa udala: lehenengo lan saioa datorren eguaztenean [maiatzak 22] egingo dute. Azaldu dutenez, jaietan eman daitezkeen erasoen inguruan hausnartzeaz gain, elkarlanean jarduteko protokoloa diseinatzen hasiko dira.
Hurrengo saioak maiatzaren 28an eta ekainaren 4an egingo dituzte; denak 18:00etatik 20:00etara izango dira, kultur aretoan. Saioak irekiak izango dira, eta zaintza zerbitzua eskainiko dute; zaintza zerbitzua behar dutenek asteleheneko [maiatzak 20] 14:00ak baino lehen 662 42 93 68 telefono zenbakira deitu beharko dute.