Musikari nafarrek eta lekeitiarrek bat egingo dute
Lekeitioko Musikaia Musika Eskolakoek euren 10. urteurrena ospatzeko bederatzigarren ekintza egingo dute zapatuan [maiatzak 18]. Elkartruke kontzertua izango da, eta Leitzako eta inguruetako musikariak etorriko dira Lekeitiora.
Hilabete eta erdi baino ez zaie falta ikasleei aurtengo ikasturtea amaitzeko. Era berean, Musikaiako hamargarren urteurreneko azkenengo ekintzak baino ez dira falta ospakizunekin amaitzeko. Bederatzigarren ekintza, hain zuzen ere, zapatuan [maiatzak 18], 12:00etan, Ikusgarri Zinema Aretoan egingo dute, doan.
Elkartruke eguna izango da zapatukoa Lekeitioko musikarientzat. Izan ere, Nafarroako Aralar Udal Musika Eskolako ikasleak etorriko dira Lekeitiora: “Iaz gu joan ginen Nafarroara, Leitzara, eta orduan hasi genuen elkartrukea. Aurten, eurak etorriko dira”. Leitzako herritarrak ez ezik, inguruko herri txikietako biztanleek osatzen dute Aralar Musika Eskola; guztira bertako 47 ikaslek parte hartuko dute, eta Musikaiakoak, berriz, hemezortzi izango dira.
Protagonistak, batez ere, Aralar Musika Eskolakoak izango dira: “Eurei utzi diegu denbora espazio gehiago. Guk folk talde bi eta kamara taldea eroango ditugu, izen bereko musika estiloa joko dute. Aralarretik, berriz, gitarra talde ezberdinak eta abesbatza bat etorriko dira”. Ekintza hasi aurretik, gainera, trikitilari eta pandero jotzaileek girotuko dute eguerdia, 11:30etik aurrera, Ikusgarri aurreko plazan.
Kontzertuaren ostean, gainera, ez dute eguna amaituko: “Helburua elkar ezagutzea eta harremanak egiten hastea denez, elkarrekin bazkaldu eta arratsaldean ekintzak egingo ditugu. Eurek Leitza erakutsi ziguten iaz bertara joan ginenean, eta guk aurten Lekeitio erakutsiko diegu”.