Ondarroako Osasun Zentroaren egoera "jasanezina" dela salatu dute
Langileak kalera atera dira gaur [maiatzak 16] egoera zein den ikusarazi eta erantzukizunak eskatzera. Zatozte Ondarroako Dendari eta Ostalarien Elkarteak sinadura bilketa ipini du martxan.
Ondarroako osasun zentroa egoera “jasanezina” dela salatu eta Osakidetzari erantzukizuna eskatu nahi diote langileek zein herritarrek. Gaur [maiatzak 16] kalera atera dira langileak egoera zein den bistaratu eta salatzeko, eta Zatoztek sinadura bilketa ipini du martxan egoerari heldu eta neurriak hartzeko bidea egiten hasteko.
Ondarroako Osasun Etxean 7 mediku plaza daude, horietako bat, pediatrarena da, baina, gaur egun, hiru mediku daude soilik lanean, pediatrari dagokionez, urtarrilean bi urte bete ziren Ondarroa pediatra zerbitzurik gabe geratu zenetik. Egoera honek ondorio zuzenak ditu bai herritarrengan eta baita langileengan ere. “Ez dago medikurik, hiru mediku gutxiago daude, baina Osakidetzak badaki zein den Ondarroako egoera eta gaudenon artean ahal duguna egiteko erantzuna jasotzen dugu”. Hori dela eta, hitzorduak eskatzeko orduan bi eta hiru astera eman behar dituzte, eta horrek haserreak sortzen ditu herritarrengana. “Ezin dugu hitzordurik eman, ez dagoelako medikurik eta jendea haserretu egiten da. Egoera jasanezina da”.
Horrez gain, ginekologia zerbitzua bertan behera geratu zen pandemiarekin eta ez da berreskuratu. Errehabilitazio zerbitzuari dagokionez ere, gaur egun behar hori dutenek Zornotzara edo Durangora joan behar dute. “Ondarroan zegoen erreabilitazio zentroa itunpekoa zen, baina Osakidetzatik bideratuta joateko aukera zegoen. Orain ez dago zerbitzu hori herrian”.
Zatoztek sinadura bilketa ipini du martxan; herriko taberna eta establezimenduetan orriak jarriko ditu herritarren eskura.
Zatozte Ondarroako Dendari eta Ostalarien Elkartea egoeragaz arduratuta, zerbait egiteko beharraren aurrean sinadura bilketa martxan ipintzea erabaki dute. “Egoera honek herritar guztiei eragiten die, tartean, elkarteko kideei. Horren aurrean, batzorde bat sortu dugu gaia landu nahi dutenekin eta bertatik atera da sinadura bilketa egiteko ideia”.
Gaurtik [maiatzak 16] hasita herriko taberna eta establezimenduetan sinadurak biltzeko orriak jarriko dituzte herritarren eskura. “Hilabeteko epea emango diogu herritarrei, sinaduran parte hartu nahi dutenek denbora edukitzeko”. Behin denbora hori igarota, beharrezko neurriak hartuko dituztela zehaztu dute dendari elkartetik.