Puntista erdi profesionalen liga mistoko lehenengo txapelketa, Jon Zabala 'Bullet'-en eskutik
Puntista markina-xemeindarrak Bullet Team Series by Guuk txapelketa aurkeztuko du bihar [maiatzak 17] Markina-Xemeigno Uni frontoian. Maiatzaren 26an Bilbon hasi eta urriaren 26an amaituko da.
Belaunaldi gazteenek gero eta erreferente gehiago dituzte zesta-puntan, eta horietako bat da Jon Zabala Bullet puntista ere. Proiektu berri batekin dator oraingoan puntista markina-xemeindarra: Bullet Team Series by Guuk. Hala, Euskal Herriko lehenengo zesta-punta erdi profesionaleko liga mistoa aurkeztuko du bihar 16:30ean Markina-Xemeigno Uni frontoian.
Azaldu dutenez, txapelketan xistera tradizionalak erabili beharrean Iñigo Kaltzakortak diseinatutako xisterak erabiliko dituzte, karbono eta aluminiozko zuntzez egindakoak. Txapelketaren zehaztasun guztiak bihar [maiatzak 17] jakinaraziko dituzten arren, xisterez gain, tradiziotik apur bat aldenduko den txapelketa ere izango da: sei pilotaleku, sei talde, sei kapitain, sei jokalari eta sei influencerrek parte hartuko dute.
Hala, Zabalaz gain, Markina-Xemeinen izango dira txapelketaren parte izango diren denak, tartean, Kaltzakorta, Juanan Goñi Guukeko zuzendari nagusia, Marc Alonso txapelketako streamerra. Horiez gain, taldeetako kapitain izango diren Aritz Erkiaga, Xabier Barandika eta Diego Beaskoetxea ere bertan izango dira. ERa berean, ligaren hedapenaren parte izango diren influencerrak ere aurkezpenean egongo dira: Seleta, Oihana Fernandez de Barrena, David Seco, Lur Errekondo, Iñigo Vicens eta Ainhoa Etxebarria.
Txapelketaren aurkezpenaren ostean, jokalariak nortzuk izango diren jakinaraziko dute, eta baita lehenengo partidako taldeak zeintzuk izango diren ere. Horiek, hain zuzen ere, maiatzaren 26an Bilboko Club Deportivo pilotalekuan jokatuko dute lehenengo partida. Ostean, beste bost partida egongo dira, urriaren 26an txapelketa amaitzen den arte.