Aparkaleku sistema berria "gestio faltagatik" dagoela kolokan salatu dute Lekeitioko jeltzaleek
Lekeitioko EH Bilduren udal gobernuak "berandu eta txarto" egin dituztela jarraitu beharreko legezko prozedurak azpimarratu dute: "Udalaren erantzukizuna da jakitea lurren titulartasuna norena den eta eskatu beharreko lagapenak eskatzea".
Lekeitioko Udalak aparkaleku sistema berria kolokan dagoela jakinaraztearekin batera, Lekeitioko EAJk salatu du “berandu eta txarto” egin dituztela jarraitu beharrezko legezko prozedurak. “Utzikeriagatik eta gestio faltagatik” dagoela kolokan defendatu dute jeltzaleek, eta martxan “arineketan eta indarrez” jarri nahi izan dutela esan dute: “EH Bilduk ez ditu Lekeitioren interesak defendatzen jakin”.
Joan den azaroan jakinarazi zuen udalak aparkaleku sistema berria ipiniko zutela herrian. Ordutik gaur egunera “marketina eta publizitatea” izan direla nagusi adierazi dute Lekeitioko EAJko ordezkariek, eta aparkaleku sistema berria lege berme guztiarekin indarrean ipini ahal izateko ez dituztela eman beharreko pausuak eman salatu dute.
Jeltzaleek jakinarazi dutenaren arabera, sistema berria martxan jartzeko araudian aldaketa puntual batzuk egin behar zirela azaldu zuen udalak, eta jeltzaleen esanetan aldaketa horiek puntualak izan beharrean, “funtsezkoak” dira: “Ordenantza berri bat idaztea eta onartzea beharrezkoa izango litzateke ordenantzei buruzko legediak aurreikusten duen moduan”. Era berean, herri sarreretako aparkaleku nagusietan ordainpeko sistema ezarri eta tasak kobratu ahal izateko eman beharreko legezko prozedura ez direla eman salatu dute.
Aparkalekuen proiektu “kaotikoak” 320.000 euroko “zuloa” eragin duela jakinarazi dute jeltzaleek.
Bestalde, aparkalekuak digitalizatu eta ordainpeko sistema ipini ahal izateko lizitazio prozesua martxoaren 11n jarri zuen martxan udalak, “lekeitiarrentzat 193.387,41 euroko kostua izango duena”. Prozesu horretan BFAri aparkalekuen lurren titulartasuna eskatzeko eskaria egitea “ahaztu” egin zaiela salatu dute. Horrez gain, barikuan [maiatzak 17] EH Bilduren udal gobernuak aparkalekuen titulartasunaren lagapenaren inguruan emandako pausuen inguruko informazioa eskatu die jeltzaleek.
Prozesu “iluna”. Aparkalekuen proiektua “kaotikoa” dela salatzeagaz batera, 320.000 euroko “zuloa” eragin duela jakinarazi dute jeltzaleek. Alde batetik, ia 200.000 euro erabiliko ditu EH Bilduren udal gobernuak ordainpeko sistema martxan jartzeko sistemak instalatzeko, “eta aurten ez dira erabilgarriak izango”. Era berean, sistema berritik udalak aurrekontuetan aurreikusi zituen 120.000 euroak ez dituela eskuratuko azaldu dute, eta ondorioz, “ezinezkoa” izango dela herritarren onurarako erabiltzea: “Guztira, 320.000 euroko zuloa”.
“Autokritika” egin eta “ganoraz gestionatzeari” ekin diezaietela eskatu diete EH Bilduren udal gobernuari.
Hala, irmoki salatu dute jeltzaleek aparkaleku sistema berriaren inguruan sortu dena EH Bilduren udal gobernuaren ondorioz izan dela: “Honen inguruan sortu den iskanbila, ezinegon eta nahasmena EH Bilduren udal gobernuaren utzikeria eta gestio faltagatik izan da”. Hasieratik prozesua “iluna” izan dela salatu dute: “Ez zaie herritarrei galdetu. Ez da egon eztabaidarako eta ekarpenak egiteko aukerarik. Inposaketa egon da udalaren aldetik”.
Bestalde, eskualdeko herritarren eta lekeitiarren artean “eskubide desoreka” eragin dutela defendatu dute; inguruko herritarrek Lekeition erroldatuta dauden eta bertan zergak ordaintzen dituzten herritarrek besteko eskubidea izatearekin “desados” agertu dira jeltzaleak. Era berean, galdera bat mahaigaineratu dute: “Berdin zaie bake soziala apurtzea? Zatiketa eta liskarra ez dira bideak”. Azkenik, EH Bilduk aparkaleku berririk nahi ez izatearekin ere ez datoz bat: “EH Bilduk ez du aparkaleku berririk nahi. Ez gatoz bat aparkaleku berriak egiteko aukerak aztertzea albo batera uztearekin”. Hala, udalari eskatu diete “utz dezatela errua inori leporatzeaz”, eta “autokritika egin eta ganoraz gestionatzeari ekin” diezaietela.