Gizaburuagako dastaketa primeran joan zen
Atzo [maiatzak 19] Olazar Kultur Elkarteak antolatutako dastaketa eta altxorraren bila jolasa eduki zuten herritarrek.
Olazar Kultur Elkarteak nagusientzako dastaketa eta haurrentzako altxorraren bila jolasa proposatu zituen domekarako [maiatzak 19], eta erantzun ederra izan du hitzorduak. Haur zein nagusi batu ziren eguerdian eta denek ala denek “oso ondo” pasatu zutela zehaztu dute antolatzaileek.
Mikel Garaizabal Pildain ardo kulturaren dibulgatzaileak bideratutako dastaketan jende asko batu zen. Getariako txakolina, Bizkaiko txakolina eta Arabar Errioxako eskilarapekoa eta kridantza probatzeko aukera eduki zuten, baita sagardoa ere. Esperientzia ezberdin bezain polita izan zen, eta ondo baino hobeto pasatu zutela zehaztu dute.
Ordu berean herriko txikienek ere bazuten zeregina, herriko txokoetan zehar jolasteko aukera eduki baitzuten Altxorraren bila jokoaren bitartez. Hiru kilometroko ibilbidea egin zuten eta herriko leku esanguratsuenak ikusi zituzten. Gainera, saria ere eduki zuten. “Altxorra eduki zuten guztiek, futbolin bat guztientzat”.