Hamaseigarren txapela etxeratu du Sagarmendik
Zapatuan [maiatzak 18] Euskal Pilota Egokituko binakako Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen Luis Zulaika zumaiarrarekin bikotea osatuta.
Euskal Pilota Egokituko binakako Gipuzkoako Txapelketa irabazi du Eneko Sagarmendi mutrikuarrak. Zapatuan [maiatzak 18] Atano III.a pilotalekuan lehiatutako finalean aritu zen Sagarmendi mutrikuarra, Luis Zulaika zumaiarrarekin bikotea osatuta. Aurrez aurre eduki zituzten Erik Gaton donostiarra eta Jurdan Arakistain zestaoarra eta lehia estua eduki zuten.
Lehenengo zatia borrokatua izan zela aitortu du Sagarmendik, huts batzuk ere egin zituztela, baina bigarren zatian buelta ematea lortu zuten, eta tanto ikusgarriak egon ziren. Azkenean aurrea hartu eta 25-14 irabaztea lortu zuten Sagarmendik eta Zulaikak. Horrela hamaseigarren txapela bereganatu du mutrikuarrak, eta oso pozik dagoela aitortu du. “Oso pozik nago lortutakoarekin”.
Luis Zulaikarekin txapelketa jokatu eta irabaztea berezia izan dela azaldu du, eta eskertu egin nahi izan dio bikoteari: “Luisekin jokatzea sekulako plazera izan da. Ondo komunikatu gara elkarrekin eta oso ondo ulertu dugu elkar pilotalekuan. Niretako ohorea izan da”. Hamasei txapel, erraz esaten dira, baina bide luzea egin du Sagarmendik, baina aurrera begira erronkei heltzeko prest dagoela aitortu du: “Aurrera begira erronka berriei heltzeko gogoz nago, palan gustura sentitzen naiz”.