Hamasei traineru ariko dira 23.Mutrikuko Banderaren lehian
Mutriku Arraun Taldeak ez du parte hartuko, aurten ez baitu trainerurik atera. Zapatuan [maiatzak 25], 11:00etan emango diote hasiera lehenengo txandari.
Mutrikuko Udalaren 23. Bandera lortzeko lehian hamasei traineru ariko dira, zein baino zein gehiago, zapatuan [maiatzak 25] Mutrikuko uretan: Ondarroa, Isuntza, Elantxobe, Lapurdi, Hondarribia, San Juan, San Pedro, Hibaika, Donostiarra, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Arkote, Santurtzi eta Zierbena.
Iazko hamasei taldeetatik hamalauk errepikatuko dute lehia eta aurten, ez da etxeko taldea egongo, aurten ez baitu trainerurik aterako. Proba esanguratsua da Mutrikukoa eta parte hartzeko interesa izaten duten traineruek, bada kanpoan geratu den talderik ere, hamasei traineruko muga ipinitzen baitute antolatzaileek. “Iaz parte hartu duten taldeek lehentasuna izaten dute parte hartzeko. Ez zaio begiratzen traineruek lehiatzen duten mailari, baizik eta aurreko urteetako parte hartzeari”, zehaztu du Mikel Marizkurrena udaleko kirol teknikariak.
Egunean bertan egingo da kaleen zozketa eta 11:00etan abiatuko da lehenengo txanda. Binaka aterako dira Elantxobe, Hibaika, Zarautz, Lapurdi, Arkote, Zumaia, Santurtzi, San Joan, Ondarroa eta Sanpedrotarra. Bigarren txandan, berriz, hirunaka aterako dira, Isuntzaren, Getariaren eta Orioren arteko lehia egongo da, eta Zierbenak, Hondarribiak eta Donostiarrak osatuko dute hirugarren txanda (azken bi urteetan Donostiarrak lortu du garaipena). “Txandak aukeratzeko orduan, iazko denboraldiko sailkapenak hartzen dira kontuan”.
Puntako traineruak egongo dira Mutrikun, beraz, ikuskizuna ziurtatuta egongo da eta udaletik estropada ikustera hurbiltzeko gonbidapena luzatu dute.