Ilusioz eta gogotsu, Aurrera Kukaña Taldea
Zapatuan [maiatzak 18] taldearen aurkezpena egin zuten. Izen ematea datozen asteetan zabalduko dute eta parte hartzea mugatu egingo dute; 60 gehiengoz.
Zazpi lagunek osatu dute sortu berri den Ondarroako Aurrera Kukaña Taldea. Zapatuan [maiatzak 18] Ondarroako Antxoa Eguneko ospakizunak aprobetxatuz egin zuten taldearen aurkezpena, nola ez, kukaña aurrean. Taldea sortu berritan, kukaña berria estreinatzeko prest eta Euskal Herriko lehenengo txapelketa hasteko hilabete falta dela, ilusioz beteta daudela aitortu dute taldekideek. “Ilusioa egiten digu eta motibatuta gaude”.
Martitzenean [maiatzak 17] ipini zuten eukaliptoz egindako 14.80 metroko kukaña berria. “Aurrekoak baino 20 zentimetro gehiago ditu eta 14.80 metrotik 12 metro dira erabilgarriak”. Beste herrietako kukañekin alderatuta Ondarroakoak berezitasunak ditu. “12 metro ditu, inklinazioa ere nahikotxo dauka, eta horrez gain, koipea ematen diogu”. Kukañan koipea emateak batzuengan kezkak sortu dituela zehaztu dute.
Barikuan bertan lehenengo probak egiten aritu ziren taldekideetako batzuk. “Barikuan aproba egin genuen ea irristatzen zuen ikusteko eta kukaña bera zelan dagoen kokatuta ikusteko”. Lehenengo probak eginda txapelketara begira entrenatzen ariko dira, ekainaren 22an ipinitako hitzordua berezia izango baita. “Bizitza guztian hemen ibili eta gero, hunkigarria da hemen kukaña txapelketa bat egongo dela jakitea, ez soilik guretzat herriarentzako ere bai, azken batean herria betetzen du, jendez beteta egoten da Alde Zaharra”.
Txapelketaren berri eman zutenetik inguruetako herritarrek interesa erakutsi dute, baita txapelketan parte hartzeko prestutasuna ere; Zaldibar, Getaria, Zumaia, Lekeitio eta Mutriku, tartean. Antolatzaileek azaldu dutenez, datozen asteetan zabalduko dute izen ematea eta xehetasunak emango dituzte, baina aurreratu dutenez, parte hartzaile kopurua mugatu egingo dute, 60 parte hartzailera. Horrez gain, araudia ipiniko dute eta sare sozialen bidez emango dute txapelketari buruzko berritasunak.