Aparkaleku sistemaren inguruan "gezur gehiagorik ez" esateko eskatu du EH Bilduk
Lekeitioko EH Bilduko udal ordezkariek hainbat azalpen eman nahi izan dizkiete herritarrei: "Benetako egia jakiteko eskubide osoa dute".
Lekeitioko Udalak joan den eguenean [maiatzak 16] jakinarazi zuen ezingo dutela aparkaleku sistema berria ipini Ispasterko bidean dauden bi aparkalekuetan, BFAk bi aparkalekuak euren jabetzakoak direla jakinarazi zielako. Hala, udaleko ordezkariek agerraldia egin zuten jakinarazpena harriduraz jaso zutela azalduz. Astelehenean [maiatzak 20] berriz, Lekeitioko EAJko ordezkariek aparkaleku sistema berriagaz ados ez zeudela adierazteagaz batera, sistema “utzikeriagatik eta gestio faltagatik” dagoela kolokan salatu zuten.
Hori horrela, Lekeitioko EH Bilduko udaleko ordezkariek hainbat azalpen eman nahi izan dizkiete herritarrei: “EH Bildutik ikusten dugu EAJk aparkalekuei buruz esandako gezurren aurrean, herritarrek benetako egia jakiteko eskubide osoa dutela”.
Alde batetik, EAJ adierazi zuen aparkaleku sistema berriak 193.387,41 euroko kostua izango zuela, eta 320.000 euroko “zuloa” eragingo lukeela aurrekontuetan; udalak salatu du, biak ala biak ere “gezurrak” direla. EH Bilduk azaldu duenez, aparkalekuak egiteko 120.000 euroko dirulaguntza Europatik jasoko dute, Next Generation dirulaguntzetatik, hain zuzen ere: “Orduan, udalak jarriko lukeena 73.381,41 euro izango litzateke”.
Udalak azaldu du aparkaleku sistema berria egiteko “kontraste ariketa zabala eta sakona” egin dutela.
Era berean, 2024ko aurrekontuetan aparkaleku sistema berritik 120.000 euroko diru sarrerak eskuratzea aurreikusi zuen udalak, eta EAJk azaldu zuen ez dituztela diru sarrera horiek eskuratuko. Hala, udalak jakinarazi du denak ez dituztela jasoko “BFAk eta EAJk lautik bi aparkaleku ipintzea eragozten badute”. Hori, “herritarren kalterako” izango dela mahaigaineratu du EH Bilduk: “Horregatik eskatzen dugu eragozpenik ez ipintzea eta 2024ko udan lau aparkalekuak martxan egotea”.
Bestalde, EAJk aparkaleku sistema berria egiteko prozesua “iluna” izan zela salatu zuen, parte hartze prozesurik egon ez zela defendatuz. Hala, EH Bilduk 2017ko egoiliarrentzako sistema ekarri du gogora: “2017an EAJk egoiliarrentzako sistema ipini zuenean, ez zuen parte hartze prozesurik egin”. Era berean, udal gobernuak aparkaleku sistema berria egiteko “esparru askotako jende piloarekin kontraste ariketa zabala eta sakona” egin zuela jakinarazi du, eta baita EAJko ordezkariekin hainbat bilera, nahiz Hirigintza batzordean sistemaren aurkezpena ere: “EAJk momentu batean ere ez zuen kontrakotasunik erakutsi”. Gaineratu dute, behin planteamendu osatua zutenean merkatari eta ostalarientzako bilera egin zela, eta ostean, herritarrei aurkeztu zietela sistema.
“Bake soziala apurtu” dutela eta herrian “zatiketa eta liskarrak” sortu dituztela ere leporatu zieten EH Bildukoei. Udal ordezkariek adierazi dute eurek ez dutela lekeitiarren artean zatiketarik ikusten: “Esango genuke zatiketa eta liskarrak sortzeko diskurtsoak argi dagoela nondik datozen”. Herrian “Turismorik ez” eta “beraneanteak kanpora” bezalako pintaketak azaldu zirela salatu zuten jeltzaleek, eta EH Bilduko ordezkariek halakorik egon ez dela salatu dute; herrian irakurri diren mezu bakarrak “lekeitiarrak kriminalizatzekoak” izan direla defendatu dute.
Udal gobernuak “herritarrentzako onena” izango den aparkaleku sistema berriaren alde lanean jarraituko du.
Azkenik, EAJk salatu zuen EH Bilduren udal gobernuak “lege berme barik” eman zituela aparkalekuak egiteko pausuak. Hala, EH Bilduk jakinarazi duenez, Ispasterko bideko aparkalekuak duela 14 urte egin zituen EAJren udal gobernuak, Cazalis alkate zuela. Harrezkero, udala egon dela aparkalekuon ardurapean jakinarazi du EH Bilduk: “Zelan da posible horrelako obra batzuk inongo baimen ofizial barik egitea? Orain 14 urte BFAk beste alde batera begiratu bazuen, orain zertara datoz exigentzia hauek?”. Udal ordezkariek salatu dute “onartezina” dela 14 urtean udalaren eskuetan egon denean aparkalekuen ardura eta mantenimendu osoa, orain “exijentzia” horiek azaltzea.
“Heldutasuna eta ardura”. Hala, EAJko ordezkariei “heldutasunez eta arduraz” jokatzeko eskatu nahi diete EH Bilduko ordezkariek, eta “gezurrak” albo batera uztea: “Oposizioa eta kritika zilegi dira, baina, beti ere, arduratik eta errespetutik egiten badira. Ipini dezagun lehenengo herria, Lekeitiok eta lekeitiarrek merezi dute eta”. EH Bildutik “herritarrentzako onena” izango den aparkaleku sistema berriaren alde lanean jarraituko dutela jakinarazi dute.