Aldaketetara moldatzeko beharraz ariko dira Zientziaren Giltzaken hitzaldian
Juanjo Gabiña Carrera doktoreak eskainiko du saioa; astelehenean [maiatzak 27] 18:30ean, Kofradia Zaharrean.
Zientziaren Giltzak Elkarteak antolatuta Juanjo Gabiña Carrera doktoreak bideratuko du Gure atea jotzen ari den mundua…Eta horretarako ez gara ia prestatzen ari maiatzeko hitzaldia; astelehenean [maiatzak 27], 18:30ean, Kofradia Zaharrean.
Prospektiker eta Sustainable World Prospective Instituteko (SWPI) sortzaile eta partaide da Gabiña eta aldaketetara egokitu beharra azpimarratuko du, garapen iraunkorra eta klima aldaketa erdigunean ipinita: “Garai hauetan eta gertatzen ari den guztiarekin argi dago gauzek ez dutela lehen bezala funtzionatzen eta gero eta okerrago goazela. Ongizate Estatua eraikitzearekin batera zetorren itxaropena zulatu den globoa da, eta oso konponbide zaila du, ez baitago ezer zuzentzeko borondaterik, eta berandu eta gaizki iristen garelako arazoen konponbidera. Ustelkeria politikoa eta gobernuen lege demokratikoak merkatu oligopolistek (Lex Mercatoria) ezartzen dizkiguten legeen mende egotea dira oztopo nagusiak”.
Gaur egun, herrialdeen erronka zailenetako bat erresilientzia mailak hobetzea dela dio adituak, aldaketei “arrakastaz” aurre egiteko; Aldaketak klimatikoak, sozialak, demografikoak, garraioak, osasuna, energia, ura, elikadura, hezkuntza, teknologikoak eta ekonomikoak izan daitezkeelarik. “Klima aldaketa da guztietan larriena, gure zibilizazio osoaren existentzia bera arriskuan jartzen baitu”. Egoeraren aurrean konponbideei buruz hitz egingo du adituak, “baina aurreratu nahi dizuet horiek ez digutela eragotziko sufritzea eta garesti ordaintzea horregatik”.