I. Xurdo Memoriala, finalen atarian
Zapatuan [maiatzak 25] lehiatuko dute, 10:00etan hasita eta Miruaitz pilotalekuan, I. Xurdo Memorialaren finala; gainera, hirugarren eta laugarren postuetarako partidua ere jokatuko dute.
I. Xurdo Memoriala bere azken txanpara iritsi da: asteburuan finala lehiatuko dute. Otsailean abiatu zuten iaz zendutako Andres Lezertua Xurdo-ren omenezko lagunarteko pala txapelketa, eta zapatuan [maiatzak 25] borobilduko dute, Mutrikuko Miruaitzen. Talde bitan banatuta, 62 jokalarik parte hartu dute estreinako aldian. Parte hartzaile kopuru “oso polita” dela adierazi dute antolakuntza lantaldetik: “Mutrikun eta inguruan palarekiko zaletasuna egon badagoela sobera frogatzen du; gainera, datozen urteetan Xurdo omentzen eta txapelketa antolatzen segitzeko indarra ematen du”.
10:00etan ekingo diote lehiari, doako sarreragaz. Estreinako norgehiagoka lehiaketako hirugarren eta laugarren postuak zehaztekoa izango da. Zafra eta Lorenek osaturiko bikotea Ferminek eta Ugaldek osatutakoaren aurka ariko da. Final handian, ostera, Manzik eta Xabik Paredes eta Keparen kontra jokatuko dute. Partidu biak ala biak berdinduak izatea aurreikusten dute antolatzaileek, eta ikusleei bertaratzeko deialdia luzatu gura izan diete.