Pilota partida "politak eta parekatuak", Ziortza-Bolibarren
Emakumezkoen pilota partidei ikusgarritasuna emateko asmoz, atzo [maiatzak 26] eskualdeko eta inguruetako emakumezko pilotariek binakako bi partida jokatu zituzten Ziortza-Bolibarren.
Argazkia: Ziortza-Bolibarko Udala. Emakumeak ahalduntzeari ekarpen bat egiteko asmoz eta gogoz, emakumezkoen esku pilota partidak antolatu zituen Ziortza-Bolibarko Udalak. Hala, atzo [maiatzak 26] bi partida jokatu ziren herriko pilotalekuan, eta jendeak “oso ondo” erantzun zuela azpimarratu dute antolatzaileek: “Sekula ez dugu horrelakorik egin, eta berritasun modura antolatu genuen. Jende asko egon zen ikusten, oso ondo erantzun dute”.
Guztira binakako bi partida jokatu zituzten, eta biak ala biak parekatuta egon ziren: “Partida politak jokatu zituzten, eta nahiko parekatuta egon zen. Bai alde batera, eta bai bestera, ondo ibili ziren neskak. Ahalegin itzela egin zuten, eta ikusteko polita izan zen. Partida justuak izan ziren, berdinketak ere egon ziren tartean”. Hala, 13:00etan eman zieten hasiera partidei. Uxue Gaston lemoarrak eta Laiene Sandia gernika-lumotarrak jokatu zuten Bintou Ibarra markina-xemeindarraren eta Jone Egia durangarraren aurka. Partida parekatua izan zen arren, Gastonek eta Sandiak aurrea hartu, eta 22-15 irabazi zuten.

Bigarren partida, berriz, Lemoako pilotarien artekoa izan zen: Saioa Gonzalez eta Izaro S. Zabala aritu ziren Amaiur Beroiz eta Malen Gozalezen aurka. Hala, azken horiek partida irabaztetik gertu ibili ziren arren, Gonzalez eta Zabala nagusitu ziren, 22-19.
Ziortza-Bolibarko Udalak Berdintasun Planaren baitan antolatu ditu partidak, egunerokotasunean ikuspegi feminista txertatzeko ahalegina egiteko, eta erantzunarekin pozik geratu dira: “Pozik gaude, eta beste behin egiteko ilusioz. Beti gizonezkoei eman izan zaie ikusgarritasuna, eta emakumezkoei, ez”. Hori bultzatzea helburutzat hartuta, “oso ondo” joan zen eguna. Hala, pilotariak ere, pozik joan ziren euren etxeetara: “Pilotariak ere harrituta geratu ziren. Ez dute horrelako partidarik askotan jokatu, eta euren artean jokatzeko ilusioz zeuden; nesken arteko partida bat jokatzeko”.