35 gaztetxo inguru elkartu dira Lekeitioko Atletismo Egunean
Lekeitioko Tximista Atletismo Taldeak antolatuta hainbat proba eta jolas egin dituzte lekeitiarrek.
Eguraldi ona lagun, zapatuan [maiatzak 25] Atletismo Eguna ospatu zuten Lekeition, Tximista Atletismo Taldearen ekimenez. LH1etik DBH2rainoko 35 gaztetxo elkartu ziren atletismoa probatu eta hainbat proba egiteko euren artean. Antolatzaileak pozik geratu dira egunagaz, partaide gehiago espero zuten arren: “Aurreko urteetan apur bat gehiago etorri izan dira. Aurten, zoritxarrez, futboleko txapelketa, eta beste kirolen bat ere egun berean ziren”.
Hala ere, egun ezin hobea pasa zuten bertaratu zirenek. Umeek ez ezik, gurasoek ere egun ederra igaro zuten: “Eguna oso ondo joan zen. Umeez gain, gurasoek ere proba batzuetan parte hartu zuten, eta oso gustura ibili ziren bai umeak eta baita gurasoak ere”. Hainbat proba egin zituzten, besteak beste, 60 metro lisoan, 60 metro hesiekin, altuera jauziak, jaurtiketak eta erreleboka korrika. Amaitzeko, denek elkarrekin, ginkana egin zuten: “Gazteak oso pozik ikusi genituen, eta gurasoak ere bai. Etorri zirenek borondate handia erakutsi zuten, eta guk hori asko eskertzen dugu”.