Adin guztietako herritarrak elkartu dira 'Eraitsi S.L.' antzezlana ikusteko
Goitibera antzerki konpainiak domekan [maiatzak 26] eskaini zuen antzezlana, Amoroton.
Domeka [maiatzak 26] eguerdian herriko plazan elkartu ziren amorotarrak. Izan ere, Geuretik Sortuak bekagaz sortutako Eraitsi S.L. antzezlana ikusteko aukera eduki zuten herritarrek. Goitibera konpainiako antzezleek eguraldia lagun izan zuten domekan: “Zalantzak egon ginen antzezlana frontoian egin edo ez, baina azkenean pentsatu genuen plazan askoz hobeto geldituko zela, eta zortez ez zuen euririk egin”. Amorotoko Udaleko ordezkariek azpimarratu dute adin guztietako herritarrak nahiz inguruetako biztanleak elkartu zirela bertan, eta umore ikuskizunaz gozatu zutela: “Ondo egon zen, ze, adin guztietarako egokia izan zen; bai umeek eta bai nagusiek ondo pasatu zuten. Etorri zirenak oso gustura geratu ziren. Umore aldetik landutako antzezlana izan zen”. Gaineratu dutenez, ikusleek antzezlanean parte hartzeko aukera ere eduki zuten, eta “pozik” geratu ziren ikusitakoarekin.