Eguraldia lagun, "oso ondo" joan da Markina-Xemeingo Kirol Jaia
Zapatuan [maiatzak 28] kirol desberdinak probatzeko aukera eduki zuten Markina-Xemeingo ume eta gaztetxoek; jende ugari ibili zen bai goizean, eta baita arratsaldean ere.
Ikasturte amaieraren atarian, Kirol Jai jendetsuan elkartu ziren zapatuan [maiatzak 25] markina-xemeindarrak. Izan ere, Markina-Xemeingo Eskola Kirolak hainbat kiroletan aritzeko aukera eman zien herriko ume eta gaztetxoei. Antolatzaileak pozik daude egunak izan zuen erantzunagaz: “Oso ondo joan zen, eta eguraldia ere ederra egin zigun”.
Goizean hiru kiroletan aritzeko aukera egon zen: tenisa, futbola eta eskubaloia. Ume eta gaztetxo “asko” ibili ziren kiroletan, bai Eskolako Kirolekoak direnak eta baita ez direnak ere: “Goiza oso ondo joan zen, oso pozik gaude“. Arratsaldean, berriz, beste hiru kirol eduki zuten aukeran partaideek: Atletismoa, xakea eta herri kirolak. Atletismoan eta xakean ere, ume askok parte hartu zuten: “Ume asko ibili zen, eta inguruan ere jendea egon zen ikusten. Herri kiroletan pena izan zen, ze bertan ibiltzen diren ume asko futbolean ere badabiz, eta torneoa zuten egun berean. Horregatik, penaz, baina ume gutxiagok parte hartu zuten”.
Hala ere, “oso pozik” igaro zuten eguna herritarrek; iluntzean, gainera, Eskola Kiroleko partaideek domina jaso zuten: “Urtero banatzen diegu dominak kiroletan ibiltzen diren umeei, eta aurten ere, ume eta gurasoak etorri ziren. Oso ondo joan zen entrega, banaka talde guztiei deitu genien, eta argazkiak atera genituen”.