Lehen proiektu pertsonala aurkeztu du Beñat Bidegain musikari ondarrutarrak
Betepaeta kontzertu zikloaren baitan aurkeztu du Mahl Kobat proiektua Beñat Bidegainek, "Intimo" bezala definitu du eta pozik geratu da egindako lanarekin.
Beñat Bidegain bakarlariak Mahl Kobat proiektua aurkeztu zuen domekan [maiatzak 26] Ondarroako Gaztetxean, Betepaeta kontzertu zikloaren baitan. Duela lau urte hasitako lan pertsonala erakusteko momentua ikusi zuen Bidegainek: “Gogoa neukan lau urte igaro ondoren proiektua oholtzara eramateko, oso proiektu intimoa da baina gogotsu eta prest sentitzen nintzen aurkezteko”.
Lau urtez egon da proiektua lantzen, Azalera taldearen ibilbidea amaitu ondoren hasi zen: “Taldearen ibilbidea amaitu zenean argi neukan proiektu pertsonal batekin hasi nahi nuela, bakarrik. Uste nuen nire ideiak islatzeko errazago izango zela. Orain dela lau urte hasi nintzen eta ideia definitzeak denbora asko hartu dit, lan handia egin dut nire estiloa aurkitzeko orduan”.
Konfinamenduan definitu zuen proiektuaren izena: Mahal Kobat. Tristurarekin loturiko lana bilatzen zuen, bai izenean eta baita musikan bertan ere: “Alde batetik, tristurarekin zer ikusia zeukan zerbait bilatzen nuen eta bestetik, izen abizen formakoa izan zedin nahi nuen. Beraz, Malko bat izena bururatu zitzaidan eta formatua aldatu ondoren, horrela geratu zen: Mahl Kobat”. Orain dela gutxi, kuriositateak eraginda, interneten hizkuntza desberdinetan izenak esan nahi zuena bilatzen ibili ondoren, gustuko esanahi batekin topo egin zuen. “Nire ideia ez zen hau izan hasieran, baina Internetean bila ibili ondoren hurrengoa aurkitu nuen: Mahlek zuku esan nahi du eta Kobatek sendatu. Beraz, asko gustatu zitzaidan malko bat sendatzeko zuku bezala definitzea”.
Bi modutara aurkeztu du proiektua bakarlariak. Lehenengo, dituen sei abestietatik bat aurkeztu zuen, kontzertua baino aste batzuk lehenago eta gero, kontzertua bera izan zen proiektua bere osotasunean aurkezteko bigarren pausoa. Etorkizunera begira presarik ez duela dio Bidegainek: “Pausoz pauso eta denboraren arabera joango naiz falta zaizkidan gainerako abestiak grabatzen. Kontzertuen aldetik, momentuz ez dut ezer lotu, deituz gero joko dut baina espektatibarik eta presarik gabe”.
Proiektuaren aurkezpenarekin helburuak bete-betean lortu dituela dio Bidegainek eta publikoari zirrara desberdinak sortzeaz pozik adierazi da: “Kontzertua amaitu nuenean hunkituta nengoen, publikoa negarrez ikusi nuenean nik ere egin nuen, oso pozgarria izan zen hori ikustea. Jendeari barrenera heldu zitzaion, beraz, nire helburua bete nuen”.