Lekeitioko Udalak "urgentziaz biltzeko eskaera" egingo dio Osasun Sailburuari
Lekeitioko anbulatorioan bizi duten egoera "oso larria" dela salatu dute, eta horregatik bi eskaera "zehatz eta urgente" egin dizkiete Osakidetzari. Era berean, SOS haur eta emakumeak taldeak deitutako giza katera joateko deia egin dute.
Eguenetik [maiatzak 23] pediatra zerbitzurik barik daude Lekeitioko eta inguruetako biztanleak, eta Lekeitioko Udalak herriko anbulatorioan bizi duten “egoera larria” salatu du. Hori dela eta, Gotzone Sagardui Osasun Sailburuarekin “urgentziaz biltzeko eskaera” egingo dute datozen egunetan. Era berean, pediatra barik daudela kontuan hartuta, bi eskaera zehatz egin dizkiete Osakidetzari: pediatra zerbitzua “lehenbailehen” ipintzea, eta uda sasoirako mediku eta erizain kopurua handitzea.
Izan ere, udan hirukoiztu egiten da Lekeitioko populazioa, eta ez dira lagile gehiagorik jartzen, ez eta ordezkapenik betetzen ere: “7000 herritar egotetik 21.000 lagun egotera pasatzen gara, eta horrek bere ondorioak ditu; osasunari lotutako beharrizanak asko handitzen dira”. Duela gutxira arte populazio hazkundeari erantzuten zion Osakidetzak, eta mediku eta erizain gehiago jartzen zituen: “Azken urteetan, ordea, ez da langile gehiago jartzen, eta gainera, ordezkapenak ere ez dira betetzen”. Gaineratu dute, 2023ko San Antolin jaietako hiru egunetan ez zela medikurik egon, udaletik “behin eta berriro” eskatu arren. Era berean, Antzar Egunean ere udalak ipini zituen medikua eta erizaina, “herritarren babeserako”. Aurten, “horrelako egoerarik bizi behar ez izatea” espero dute, herriak dituen eskaerak erantzunez.
Pediatra zerbitzuari dagokionez, berriz, aurreikusten zutena bete egin dela adierazi dute, eta horren arrazoia “egoeraren gaineko planifikazio falta eta erabakirik ez hartzea” izan dela salatu dute: “Azken urteotan herrian osasun zerbitzuak jasan duen gainbehera onartezina da. Herritarren bizitzak hobetzea lehentasunezko kontua izan behar da administrazio publikoentzat”. Azpimarratu dute zerbitzu publiko “duin eta kalitatezkorik barik” ez dagoela “ondo bizitzerik”. Gaineratu dutenez, emagina erretiroa hartzear dago, eta zalatzan daude bere plaza mantenduko ote den: “Emagin zerbitzurik barik ere geratzeko arriskuan dago Lekeitio hemendik gutxira”.
Giza katera joateko deia. Hori horrela, udalak bat egin du SOS haur eta emakumeak taldeak giza katera batzeko egindako deialdiagaz; eguenean [maiatzak 30], 18:30ean Paskualitotik hasiko dute giza katea. Azpimarratu dute “ezinbestekoa” dela egoera aldatu eta kalitatezko osasun zerbitzua lortzeko bai udaletik eta bai kaletik ere egoera salatzea.