Tarine musika eskolak Musikaldia topaketan parte hartu du
Eguenean [maiatzak 30] 18:30etik aurrera Udaberriko Soinuak kontzertua eskaniko dute, Arretxinagan.
Loatzo musika eskolak eta Tolosako Eduardo Mokoroa udal musika eskolak antolatu dute aurtengo Musikaldia jaia. Bi urterik behin antolatzen du Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak eta aurten Tolosan eta Ibarran ospatu zuten zapatuan [maiatzak 25]. Bertan izan da Markina-Xemeingo eta Berriatuko Tarine musika eskola. Hain zuzen ere, 47 ikaslek parte hartu zuten.
Musika eskolako kideek, ikasle zein irakasleek, hainbat emankizun eskaini zituzten. Orkestraz, abesbatzaz eta bandaz gain, konbo eta ganbara taldeek ere jo zuten baita txikitilariek ere. “Egun itzela pasatu ganuen, musikaz gozatuz genuen denok elkarrekin. Giro ezin hobea sortu zen”, adierazi dute Tarinetik.
Elkarteak helburu argi batekin sortu zuen Musikaldia, Musika Eskolen ikasle eta irakasleen arteko topaketak ahalbidetzea eta musika, dantza eta euskal kulturaren alde egiten duten lana gizarteari erakustea. 1997. urtean, Pasaian lehenengo Musikaldia egin zenetik, mota eta estilo musikal guztietako milaka ikaslek hartu dute parte.
Azken emanaldia. Tarinen egitekoak ez du etenik eta eguenean [maiatzak 30] 18:30etik aurrera Udaberriko Soinuak kontzertua eskaniko dute, Arretxinagan. Aurreratu dutenez, euria egitekotan Plazaberripean egingo dute emanaldia. Ikasturte amaierako emanaldi berezia izango da, eta eskolako talde guztiek parte hartuko dute. Hala, 7 urtetik 70 urtera bitarteko ikasleek genero eta estilo ezberdinetako doinuekin gozaraziko dituzte entzuleak. Musika klasikoa, pop estilokoa eta baita modernoagoa ere eskainiko dute emanaldian parte hartuko duten tresna eta ahots taldeek eta konboek.