Uriondo eta Okamika, 65. Mungia Txapelketan garaile
Bikote gizaburuagarrak 22-21ekoagaz menperatu ditu Xabier Rekalde eta Urko Bullon. Okamikak jokalaririk onenaren saria ere jaso du. Uriondo Bergara Hiria txapelketan eta Ortuellako Probintzia Artekoan ere nagusitu da.
Endika Uriondo eta Aimar Okamika gizaburuagarrentzat, maila handiko eta uzta ederreko hilabetea izan da maiatza. Izan ere, domekan [maiatzak 27] afizionatu mailako 65. Mungia Txapelketa poltsikoratu zuten. Lehengusu biek bikote gogorra osatu zuten Mungiako lehian, eta emaitzak horren erakusle izan ziren: finalean Xabier Rekalde dimoztarraren eta Urko Bullon berriztarraren aurka nagusitzeaz gain, Okamikak txapelketako jokalari onenaren saria ere jaso zuen.
21-21ekoagaz, azkenengo tantoan borobildu zuen Uriondok Mungiako finala
Urrian hasi zuten txapelketa eta, jardunaldiz jardunaldi, azken txanparaino ailegatu dira lehengusuak. Azken txanpa hori, dena dela, ez zen makala izan. Partidu osoan tanto bat gora eta behera aritu ziren bikote biak, 21eko berdinketara iritsi arte. Azkenengo tantoa kale edo bale egin behar izan zuen Uriondok, eta pilota txokora bidali ostean lortu zuen garaipena, Okamikagaz batera. Final “lehiatua eta zirt edo zart egitekoa” izan zela nabarmendu du aurrelariak: “Lehia gogorra izan zen baina, behin partiduan sartuta, lasai jokatu genuen, erabaki egokiak hartuz eta maila handia erakutsiz”. Lehengusu biek sarritan jokatu izan dituzte partiduak elkarregaz, baina ez, ostera, txapelketa oso bat. “Gustura aritu gara, eta erakutsi du bere maila oso handia dela; jokalaririk onenaren saria irabaztea ez da kasualitatea izan, txapelketa osoan bikain jokatzen ibili baita”, argitu du Uriondok.
Uriondok, gainera, hilabete honetan beste final bitan ere garaipen esanguratsuak eskuratu ditu: batetik, Bergarako Hiria txapelketan, hilaren 24an; bestetik, Ortuellako Probintzia Arteko lehiaketan. maiatzaren 17an. Bergarako finalean, Ander Murua izan zuen bikotekide pilotari profesional ohiak. Txapelketara ordezko moduan iritsi arren, finalean maila handia erakutsi zuen Uriondok eta Muruak, Unai Amiano irundarraren eta BeƱat Garmendia beasaindarraren kontrakoan. Lehen tartean, markagailuan aurrea hartu zuten gizaburuagarrak eta arrasatearrak. 15-13ko markagailura hurreratzea lortu zuten, baina, aurkariek. “Sakea berreskuratu ondoren, berriro interesatzen zitzaigun egoerak sorrarazi genituen, eta 22-13koagaz gailendu ginen azkenean”, azaldu du Uriondok.
Uriondo eta Kortazar 22-12 gailendu ziren Etxegibel eta Pujanaren aurkako “final landuan”
Ortuellako txapelketari dagokionez, lauko final formatua eduki zuen, eta Uriondok herriko pilotari gazte bategaz osatu zuen bikotea: Liher Kortazar. Finalaurreko partiduan nagusi agertu ostean, Uriondo-Kortazar bikoteak ez zuen aurkaririk topatu finalean ere. Ander Etxegibel sestaoarra eta Alain Pujana markina-xemeindarra izan zituzten arerio, eta 22-12ko markagailuagaz irabazi zieten. Edozelan ere, “final landua” izan zela azpimarratu du gizaburuagarrak: “Piloteo askoko partidua izan zen, borrokatua, eta gogor saiatu behar izan ginen; dena dela, tantoek geure aldera egin zuten, eta azkenean irabazi ahal izan genuen”. Aurrerantzean, udako partiduei begira ipiniko da Uriondo: “Herrietako udako jaiak iristear daude, eta ahal bezain gehien jokatzea espero dut, sasoi onean bainago”.