Augustin Zubikarai nobela bekara proiektuak aurkezteko epea zabaldu dute
Irailaren 30a izango da proiektuak aurkezteko azkenengo eguna. Irabazleak 8.000 euroko saria jasoko du eta urtebeteko epean nobela idatzi beharko du.
Euskal idazleen lana bultzatuz euskal kultura aberasten jarraitzeko helburua duen Augustin Zubikarai nobela bekaren 2024ko deialdia zabaldu dute. Ondarroako Udalak Elkar argitaletxeagaz elkarlanean antolatutako lehiaketara lanak aurkezteko epea zabalik egongo da irailaren 30era bitartean.
Nobelak idazteko proiektuak aurkeztu behar dira deialdira, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak. Proiektu irabazleak 8.000 euroko saria eskuratuko du. Ondarroako Udalak egingo dio ordainketa saridunari; bekaren diru kopuruaren erdia irabazle izendatu ondoren, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan egingo da.
Proiektuak aurkeztu nahi dituztenek landu nahi duen kontakizunaren azalpena aurkeztu beharko dute (bi mila eta sei mila karaktere bitartekoa) eta egoki iritzitako ezaugarriak zehaztu beharko dituzte; argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab. Horrez gain, idazlanaren lagina edo erakusgarria (hamabost mila eta berrogei mila karaktere bitartekoa) aurkeztu beharko dute; ez da nahitaez kontakizunaren hasierakoa izan beharko, baina bai zati bakarra osatzen duena. “Egilearen izen abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua bidali beharko dira”. Oinarriei buruzko xehetasun gehiago daude udalaren webgunean.
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek bi bide izango dituzte lanak aurkezteko; batetik, telematikoki egiteko aukera dago (ondarroa.eus) web orriaren bitartez, eta bestetik, aurrez aurre eramateko aukera dago Udal Erregistro Orokorreko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (Kantoipe kalea, 3, behea). Horrez gain, zalantzak argitzeko 946 83 36 72 telefonoa jarri dute eskuragarri, eta baita ere orokorra@ondarroa.eus posta elektronikoa.
Udalak izendatutako epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertuko ditu eta irabazlea izendatuko du urriaren 31 baino lehen. “Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utzi dezake epaimahaiak”. Irabazleak urtebeteko epea izango du, gehienez, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta nobela amaitua Ondarroako Udalaren esku ipintzeko.