Domekan Markina-Xemeingo Grand Slamerako txartela egongo da jokoan
12:00etatik aurrera Uni frontoiak goi mailako puntistak hartuko ditu beste behin ere: Laduchek eta Basquek jokatuko dute Arbe eta Atain etxeko bikotearen aurka. Irabazleek Markina-Xemeingo Grand Slamean jokatuko dute.
Gero eta gutxiago falta da Markina-Xemeingo Grand Slamerako, eta domekan [ekainak 2] 12:00etan erabakiko da txapelketako bikoteetako bat, Uni frontoian. Jai Alai Leagueko zortzigarren proba puntuagarria izango da Markina-Xemeingoa, eta antolatzaileek azaldu dutenez, aurre kanporaketak egin behar izan dituzte pilotarien arteko “lehia handitu” egin delako. Hori horrela, Grand Slama jokatu duten bikoteetako bat domekan jokatuko den finaletik aterako da; era berean, puntistek Jai Alai Leaguerako puntuak ere lortuko dituzte.
Aurretik Bixente eta Manciren aurka 15-11 eta 15-4 irabazita, Laduche eta Basque bikotea da aurre kanporaketako finalerako lehenengo sailkatua. Bidarteko atzelaria, Barandikarekin batera, egungo txapelduna den arren, aurre kanporaketak jokatu behar izan ditu, eta domekan [ekainak 2] jakingo da Laducherekin batera Grand Slamerako sailkatuko den edo ez.
Finala jokatzeko bigarren txartela, berriz, etxeko bikoteak eskuratu zuen. Finalaurrekoa Javierren eta Mandiolaren aurka jokatu zuten Arbek eta Atainek: 15 eta 9 lehenengo setean eta 15 eta 6, bigarrenean, etxekoak sailkatu ziren finalera. Hala, domekan [ekainak 2] Laduchek eta Basquek aurrez aurre edukiko dituzte Arbe eta Atain; bikote irabazleak Markina-Xemeingo Grand Slamean jokatuko du. Finalaren aurretik zesta eskolako gaztetxoek jokatuko dute, 11:30ean.