Inoizko jende gehien batuko da Kamiñazpiko jaietako paella janean
Eraso matxisten kontrako protokoloa egongo da lehenengo aldiz Kamiñazpiko jaietan, honen beharrezkotasuna azpimarratu dute antolatzaileek.
Barikuan [maiatzak 31] emango diote hasiera Kamiñazpiko Jaiei eta oraingoan ere, asteburu osoko egitarau biribila antolatu dute Kamiñazpiko Jai Batzordeko kideek. Betiko formatu berdinean datoz eta ume, gazte zein helduek gozatzeko aukera izango dute.
Lehengo aldiz jarriko dute martxan eraso matxisten kontrako protokoloa. Jai Batzordetik beharrezkoa ikusi dute auzoko jaiak gune segurua izateko eta bi helburu esleitu dizkiote: batetik, egongo diren erasoei erantzuna emateko eta bestetik, erasoa jasan duenari babesa adierazteko. Asteburu guztian zehar egongo da protokoloa, behar denean aktibatzeko prest. Jaiak zapuztera datozenei ez joateko deia egin die antolatzaileek.
Txupinazoarekin eta txosna irekierarekin batera hasiera eman eta zapatu gabera arte iraungo du jai-giroak Kamiñazpiko parkean. Jarraian, Pop rock saioarekin girotuko dute oholtza Ondarroa, Bermeo eta Berriatuko Musika Eskoletako kideek, eta TXO! Antzerki kolektiboak gidatutako play back lehiaketa izango da gazteenak dantzan jarriko dituena: 11 taldek eman dute izena. Modus Operandi taldearen kontzertuarekin eta Visions DJ saioarekin bukatuko da barikuko eguna.
Zapatuan [ekainak 1] goizean goizetik hasiko da egitaraua, pala txapelketarekin. Hamasei taldek jokatuko dute txapelketa, hori baita antolatzaileek urtero jartzen duten muga. Publiko guztiak gozatzea helburu izanik umeentzako gunea egongo da parkean, besteak beste, Aurrera Txirrindu Elkartearen ginkana, Herri kirolak Mikel Agirreren eskutik eta aurpegia margotzeko txokoa.
Jan edanak hartuko du erdigunea eguerdian eta 13:00etan hasiko dira taldeak paella prestatzen. 29 taldek eman dute izena aurten, guztira 468 pertsonek, inoizko gehien. Joxpa herriko erromeria taldeak girotuko du bazkalostea eta 22:00etatik aurrera Puro Relajoren txanda izango da. Oxabi erromeria taldearekin eta DJ Juseffekin emango diote amaiera Kamiñazpiko jaiei.
EGITARAUA
- Maiatzak 31, barikua
- 18.00. Txupinazoa eta txosna irekiera.
- 20.00. Pop rock saioa: Ondarroa, Bermeo eta Berriatuko Musika eskolen eskutik.
- 22.00. Play back lehiaketa.
- 23.30. Kontzertua: Modus Operandi
- Ondoren. DJ saioa: Visions.
- Ekainak 1, zapatua
- 10.00. Kamiñazpiko 18. Pala txapelketa
- 11.00. Umeentzako txirrindu ginkana, Aurrera Txirrindu elkartearen eskutik. Herri kirola eta aurpegia margotzea.
- 11.00. Txistulariak auzoan zehar.
- 11.30-14.30. Puzgarriak.
- 13.00. Paella prestatzen hasi.
- 15.00. Bazkaria.
- 18.00. Zinea umeentzat OLEE-ren eskutik, Ibaiondoko etxeetako tunelean.
- 18.00. Joxpa erromeria taldea.
- 18.30-20.30. Umeentzako puzgarriak.
- 22.00. Puro Relajo.
- 23.30. Oxabi.
- Ondoren. DJ Juseff
- 06.00. Zaparradarekin batera… denok etxera!