"Faxismoari eta inperialismoari" aurre egiteko herri argazkia atera dute Ziortza-Bolibarren
Joan den eguaztenean [maiatzak 29] Europako parlamenturako hauteskunde kanpainako ekitaldia egin zuen Ziortza-Bolibarko EH Bilduk.
Ziortza-bolibartarrak herriko plazan elkartu ziren joan den eguaztenean [maiatzak 29] herritarrei Europako parlamenturako hauteskundeetan botoa ematera deitu eta herri argazkia ateratzeko. Hala, EH Bilduko ordezkariek “faxismoari aurre” egiteko helburu argiagaz elkartu ziren: “Azkenaldiko europar testuingurua kezkagarria da, besteak beste, gerrak berpiztu, militarizazioa gogortu eta eskuin muturraren sendotzea ematen ari direlako”.
Hala, “nortasuna zaindu” eta “Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzeko” asmoa plazaratu zuten: “Estaturik gabeko gurea bezalako nazio txikietan badaukagu kontzientzia, bai faxismoari eta bai inperialismoari aurre egiteko”. Bertan bildutako herritarrak herrigintzan eta udalgintzan aritzen direnak zirela azpimarratzeagaz batera, herrian egiten duten lana haratago eroateko beharra aldarrikatu zuten: “Herrian egiten den lan hau ez da nahikoa gure helburuak lortzeko. Botere guneetan eta Europar Parlamentua bezalako instituzioetan beharrezkoa dugu gure ahotsa eramango duen indarra babestu eta leku horietan ere ahots sendo bat izatea”.