Ondarroako pentsiodunek Osakidetzaren egoera salatu dute
Ondarroako Osasun Zentroko langileen elkarretaratzearekin bat egin dute gaur [maiatzak 31] pentsiodunek eta datorren astean ere bertan egongo direla azaldu dute.
Maiatzaren 16an egin zuten lehenengo elkarretaratzea Osasun Zentroko langileek egoera jasanezina salatzeko eta ordutik, egunero kalera atera dira goizeko 10:00etan. Pentsiodunek bat egin dute deialdiarekin eta gaurkoan [maiatzak 31] denak batu dira Osasun Zentroaren atarian, 10 minutuz, guztira 70 lagun inguru.
“Osasun eta zaintza sistema publikoa eta kalitatetakoa” aldarrikatuz hurbildu dira pentsiodunak eta langileei babesa eman eta Osakidetzaren egoera salatzeaz gain, Ondarroako herria mugiaraztea da helburua. Datorren astean ere bertara hurbiltzeko deia egin dute, astelehenetan Ondarroako Alamedan egiten duten ohiko elkarretaratzean adostuko dute eguna.
Maiatzaren 17an, elkarretaratzeen bigarren egunean, Urtza Alkorta Arrizabalaga Ondarroako alkateak eta Irina Alkorta Bedialauneta alkateordeak parte hartu zuten, udalaren inplikazioa erakutsi eta babesa eskaintzeko asmoz. Alkateak bertan adierazi zuen egoeraren ondorioz batzarra eskatu ziola Gotzone Sagardui sailburuari: “Batzar bat eskatu diot Gotzone Sagardui sailburuari, egoera oso larria eta jasanezina delako”.