Ion Egia, Etxebarrian bizkorrena
Luiando-Ganzedo etxeko txirrindularia nagusitu da Etxebarriako VII. Sari Nagusian.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako kadete mailako txirrindularirik onenak elkartu zituen iragan zapatuan [ekainak 1] Etxebarriako VII. Sari Nagusiak. Gaztetxoak Torneorako lasterketa baliagarria izan zen Etxebarriakoa, eta parte hartze esanguratsua eduki zuen: 159 ziklistak ekin zieten lehiari. Tropelaren egitekoa ez zen makala izan: ia 62 kilometro eta 800 metroko desnibela eduki zituen egn behar izan zuten ibilbideak. Etxebarritik aterata, Markina-Xemeinera, Berriatuara, Ondarroara eta Lekeitiora egin zuen lasterketak. Handik, apurka-apurka, goranzko joera hartu zuen errepideak, eta Munitibar igaro ondoren iritsi zen probako une giltzarria: Gontzugaraiganako mendateko pasaera.
Koska hartan apurtu zen tropela, eta indartsuenek aurrea hartu zuten. Sei laguneko talde batek helmugaraino bidea egitea lortu zuen, eta esprintean erabaki zuten lasterketa; talde hartako bizkorrena Luiando-Ganzedo taldeko Ion Egia izan zen. Podiumean lagun izan zituen, hurrenez hurren, F2 Informatika etxeko Eñaut Bilbao eta Aranako Ford Garaje Moderno taldeko Markel Tulebras. Garailearen taldeak ordu eta erdi pasatxo behar izan zuen, ibilbidea osatzeko.
Antolatzaileak, pozarren.
Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkarteko antolakuntza lantaldea “pozik” agertu da lasterketak izandako jarraipenagaz eta zapatuko giroagaz: “Jendetxoa egon zen hala konpetitzen, nola lasterketa ikusten”. Zazpigarren aldia aurrera eroateko, beste behin, boluntarioek edukitako garrantzia azpimarratu gura izan dute: “Jende asko behar da eguneko kontu guztiak ondo ateratzeko; boluntarioen laguntza edukitzea ezinbestekoa da, bestela ezingo bailitzateke lasterketarik egin”.