Markina-Xemeingo eta Etxebarriko ur txorrotak, zabalik
Joan den astean zabaldu zituzten bi herrietako ur txorrotak. Markina-Xemeingoa urriaren 13ra arte egongo da martxan, eta Etxebarrikoa, berriz, irailaren 30era arte.
Joan den astean zabaldu zituzten Markina-Xemeingo eta Etxebarriko ur txorrotak. Etxebarriko Udalak jakinarazi duenez, irailaren 30era egongo dira zabalik; Markina-Xemeinen, berriz, urriaren 13ra arte luzatuko dute denboraldia. Biek ordutegi berdina edukiko dute: 10:00etatik 20:00etara egongo dira zabalik, egunero.
Hala, Markina-Xemeinen hainbat mantenimendu lan egin dituzte. Alde batetik, kautxozko lurra kendu eta hormigoizkoa jarri dute, kautxozkoak higiene eta osasun neurriak bermatzen ez zituelako: “Hormigoizkoa, aldiz, garbitzeko, lehortzeko eta desinfektatzeko aproposagoa da, eta bakteriak errazago ekiditen ditu”. Era berean, eremuaren itxitura ere hobetu egin dute. Oinetakoak erabiltzea ezinbestekoa izango dela adierazi dute udaleko ordezkariek.