Mutrikuko Udalak Saturrarango hondartzarako behin behineko konponbidea bilatu du
Kantinaren eta komunen zerbitzuak izango dira aldatuko diren bakarrak, gainerakoak berdin jarraituko du Saturraranen.
Ibaira egindako isurketak zirela eta Saturrarango kantina eta komun zerbitzuak irekitzeko baimenik ez du jaso Mutrikuko Udalak. Irekiera baimena ukatu zuen Kosta Zuzendaritzak baina aurkitu dute behin behineko alternatiba: komun eramangarriak eta gastro furgonetak.
ingeniaritza talde batekin jarri ziren harremanetan eta aurreko egueneko [maiatzak 30] ohiko bilkuraren ondoren heldu zitzaien txostena. “Hobi estanko bat egitea izango litzateke aukeretako bat baina horretarako, hori sortzeak dakarrena ere kudeatu beharko litzateke. Hau da, hobi estanko bat denez hustu beharra dago eta ingeniarien arabera hamabost egunetik behin hustu beharko litzateke”, aipatu du Inhar Mutiozabal Zabala EH Bilduko zinegotziak. Gutxi gorabehera 60.000 euroko inpaktu ekonomikoa izango luke eta giza kostua ere handia izango litzateke. “Printzipioz ez da bideragarria Mutriku bezalako herri batentzako”.
Beraz, aukera desberdinei begira jarri eta udara honetan komun eramangarriak eta gastro furgonetak jarriko dituzte Saturrarango hondartzan. “Zerbitzua ematen jarraitzeko nolabait ordezkatu egin behar genuen eta hori izango da udara honetako irtenbidea. Hiru komun txiki egongo dira eta beste bat irisgarria”. Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Sailarekin jarri ziren harremanetan eta beraiek hartu zuten komunen kudeaketarako ardura: “Jasangarritasun Sailaren arabera, Mutrikuko Udalak Hondartzen ondorioz daukan gastuagatik eta ikusirik hiru hilabetean mantendu beharko genituela komunak Saturraranen, esku bat bota eta beraiek arduratu dira komun eramangarrien kudeaketa eta finantziazio guztiarekin”.
Zerbitzua ematen jarraitzeko nolabait ordezkatu egin behar genuen eta hori izango da udara honetako irtenbidea: komun eramangarriak eta gastro frugonetak.
Gastronomiari dagokionez, azkenengo momentura arte ibili ziren kantina zabaltzeko ahaleginak egiten baina ezezkoaren aurrean gastro furgoneten ideia bururatu zitzaien: “Nahiz eta inguruan bazkaltzeko aukera eduki, badakigu Saturraranen jende asko ibiltzen dela, horri erantzun bat eman nahian gastro furgoneten aukera bururatu zaigu. Aukera desberdinak ematen dituzten furgonetak ekarri eta ingurua txukuntzea, ez soilik furgoneta bat aparkaleku batean”. Beraz, laster irekiko dute izena emateko epea eta Saturrarango hondartzarako onena den proposamenak izango du aukera bertan gastro furgoneta bat jartzeko.
Mutrikuko Udalaren helburua ekainaren 15erako hondartza ondo prestatuta egotea da: “Gure ideia ekainaren 15erako hondartzan eskaintzen diren zerbitzu guztiak prest egotea da, agian apur bat atzeratuko da data, baina ahaleginduko gara gehiegi ez izaten”. Hondartzak berdin jarraituko duela azpimarratu du Mutiozabalek eta udaran zehar izango dituzten ezustekoekin adi egon beharko direla ere aipatu du. “Ezustekoen aurrean moldatzen joan beharko gara. Saiatuko gara ahalik eta zerbitzu onena eskaintzen baina seguru aurreikusi ez ditugun ezustekoak gertatuko direla, beraz, horretan arituko gara udaran”.