Ondarroa AE, banderatik urrats bakarrera
Ondarroa Arraun Elkartea, garaipenaren atarian geratu da, emakumezkoen Bizkaiko Traineru Txapelketan. Isuntza hirugarrena izan da gizonezkoen artean.
Domekan [ekainak 2], Lekeitiok traineru denboraldiko estreinako proba esaguratsua hartu zuen: Bizkaiko Traineru Txapelketa. Bermeo-Arraun, Kaiku eta Getxo nagusitu ziren. Eskualdeko bi taldeak, Isuntza eta Ondarroa Arraun Elkartea, lehian bete-betean murgilduta aritu ziren. Ondarrutarrek bigarren postu baliotsua eskuratu zuten emakumezkoen absolutu mailako lehian; lekeitiarrak, ostera, gizonezkoen absolutu mailan hirugarrenak izan ziren. Itsas baldintza gogorrak eduki zituzten partaide denek ala denek, eta maila oso handia izan zen.
Ondarroa AEk Kaikurengandik ia bost segundotara amaitu zuen estropada
Kaikuk ez zuen areriorik eduki emakumeen estropadan. Iazko garaipena berretsiz, garaipen sendoa lortu zuten sestaoar arraunlariek. Ondarroa bigarren sailkatuaren ondoren, Deustu hirugarrena izan zen. Ondarrutarrek estropada aparta egin zuten, bereziki, poparean eta bigarren luzean. Dena dela, proako olatuekin, ezin izan zion buelta eman Kaikuk lehen luzean urraturiko segundo arrakalari; Sestaoko traineruak, izan ere, aurrea hartu zuen hastapenean, eta zazpi segundoko aldea lortu, ondo kudeatzen jakin zuena. Azken luzean, alde hura apur bat apaldu zuen Ondarroak, baina ez garaipenaren jokoan aritzeko beste; bost segundo eskasera amaitu zuten. Deustuk, berriz, azken luze hartan gorriak ikusi zituen olatu artean.
Bermeo-Urdaibaik hasieratik aldeak egin zituen, eta bere mailak ez zuen une batean ere behera egin
Gizonezkoen artean, Bermeo-Urdaibaik 15. aldiz eskuratu zuen Bizkaiko Txapelketa; azken hiru banderak, gainera, jarraian poltsikoratu ditu bermeotar eskifaiak. Irteera hartu bezain pronto, Bermeoko trainerua lidertzan ipini zen. Lehendabiziko ziabogara ailegatzeagaz batera, lau segundo ateratzen zizkion Zierbenari; zazpi eta hamabost, ordea, Isuntzari eta Kaikuri. Poparean, ez zen egon bermeotarrengana hurreratzeko bezainbesteko mailadun inor. Gorka Aranberrik zuzendutako traineruak gora eta gora baino ez zuen egin. Estropadaren erdia eginda zutela, zazpi eta hamar segundokoa zen, hurrenez hurren, Zierbenarekiko eta Isuntzarekiko zituzten aldeak.
Ondarrutarrak laugarren postuan sailkatu ziren gizonezkoen artean [21.27]; aurretik helmugaratu zen Isuntza [21.20], podiumeko hirugarren koska lortuz
Hirugarren luzean ziurtatu zuen garaipena Iker Zabalaren arraunlariek. Bederatzi segundoko alde erosoagaz abiatu zuten luze hura eta segundoen arrakala, hain zuzen, hazi besterik ez zen egin. Kaikuk, tarte hartan, lehen lauren artean sartzeko eta ondorioz Euskadiko Txapelketara sailkatzeko aukera oro galdu zuen. Izan ere, Ondarroak behetik gorako proba lehiatu zuen eta postu hori ostu zien sestaoarrei, azken ziabogan Kaikuk baino hogei segundo gutxiago behar izan baitzituen. Azkenengo txanpak gutxi izan zuen ezustekotik: lehen hiru postuak bermatuta zituzten Bermeo-Urdaibaik, Zierbenak eta Isuntzak.
Bermeotarrek 20.52an gelditu zuten erlojua, maisutasunez. Zierbenak 21.01eko denbora behar izan zuen, lanak burutzeko; Isuntzak, 21.20koa; laugarren sailkatutako Ondarroak, aldiz, 21.27koa. Mundakako eta Elantxobeko arraun elkarteek osaturiko Busturialdea ere lehian sartuta egon zen: hamargarren postuan sailkatu zen, irabazleak baino hiru minutu eta hogeita lau segundo gehiago egin ondoren. Lekeitioko probako lehen lau sailkatuek Euskadiko Traineru Txapelketa lehiatuko dute datorren asteburuan, Bizkaiko ordezkaritza osatuz. Hain zuzen, Kontxan izango da proba hori, Donostian, domekan [ekainak 8]. Horrez gain, Bizkaiko lehia hartutako agertoki berberean lehiatuko dute zapatuan [ekainak 7] Lekeitioko Bandera.