Udal aurrekontuen estrategikotasun eza salatu du Ondarroako EAJk
Aurrekontuen inguruko informazioa garaiz ez ematea leporatu dio Ondarroako EAJk EH Bilduri.
Ondarroako EAJ abstenitu egin da EH Bilduk aurkeztutako 2024ko udal aurrekontuen aurrean, maiatzaren 30ean burutu zen osoko bilkuran. Aurrekontu proposamena aztertu eta ekarpenak behar modura egiteko denborarik izan ez zutela aipatu zuen Aitor Basterretxea Alberdik, EAJko bozeramaileak: “Gu udalera gehitzera gatoz, ez trabak ipintzera eta gurea beti izango da ekarpenak egitea, baina nekeza da horrela ekarpenak egitea”.
Gu udalera gehitzera gatoz, ez trabak ipintzera eta gurea beti izango da ekarpenak egitea.
Urtza Arrizabalaga Alkorta alkateak arrazoia eman zion Basterretxeari eta aurrekontuen atzerapenaren inguruko arrazoiak eman zizkion, horrez gain, urte amaierarako denen artean lanketa bat egitea proposatu zion. “Ogasun Batzordean ere hitz egin genuen modura guk ere arinago atera nahi izan genuen aurrekontua, urtarrilerako hain zuzen, baina gora behera batzuk tarteko, ezinezkoa izan da. Gustatuko litzaidake urte amaierarako denon artean lanketa bat egin, ekarpenak egiteko aukera izan eta urte hasierarekin batera aurrekontu berriak onartzea”.
Horrez gain, aurrekontuen estrategikotasun eza azpimarratu zuen Basterretxeak. “Aurrekontu horretan ez dugu ez politikarik ez estrategiarekin ikusten. Legealdirako ibilbide orri argi bat markatzea espero genuen, baina kontinuista da eta ez du berrikuntza esanguratsurik”.
Proiektu azpimarragarriei dagokienez, Zaldupe futbol zelaiko aldagelak, Berdura Plazako eraberritzeko proiektua eta Kamiñazpiko Igogailua, EAJ “pozik” agertu da kontuan hartzearren baina egungo gobernuaren proiektuak ez direla ere azaldu du, “Beraien proiektu berriak zeintzuk diren jakin nahi genuke”.
Aurrekontu horretan ez dugu ez politikarik ez estrategiarekin ikusten. Legealdirako ibilbide orri argi bat markatzea espero genuen, baina kontinuista da eta ez du berrikuntza esanguratsurik.
Informazio faltak eta kontuak onartzeko atzerapenak herriko taldeentzako dirulaguntzetan ere eragina izan duela azpimarratu du Basterretxeak: “Oraindik ez dakigu noiz jasoko dituzten 2023koak, izapidetu ere ez baitziren egin”.