Etxebarriko Ganadu Azoka "ikusgarria" izan da
Azokan beste urtetan baino "jende gehiago" ibili da. I. Artzain Txakur Lehiaketa Peio Segurolak irabazi zuen; Igor Elordi markina-xemeindarra hirugarren geratu zen.
Zapatuan [ekainak 8] Etxebarriko nahiz eskualdeko ganaduak eta produktuak erakusteko erakusleiho aparta bihurtu zen Galartza industrialdea. Azoka “oso ondo” joan zela nabarmendu dute antolatzaileek: “Jende asko etorri zen, eta eguraldiak ere lagundu zigun; eguraldi ezin hobea egin zuen. Oso-oso ondo egon zen”.
Hamar postu eta 200 ganadu buru ikusi eta erosteko aukera eduki zuten bertaratu zirenek: “Ganadu kopuruan beti antzera ibiltzen gara; aurten etorri den ganadua oso ona izan da, eta ondo prestatuta etorri dira”. Era berean, bertan egon ziren postuak eta taberna ere “oso ondo” egon zirela azpimarratu dute: “Gazta, eztia, kontserbak… hamar postu oso polit egon ziren, eta taberna ere, oso ondo. Ikusgarri egon zen feria”.
Aurtengoarekin “pozik” geratu da Etxebarriko Udala: “Beste urtetan baino jende gehiago egon da aurten. Ikusten da feria gero eta errotze gehiago hartzen ari dela; jendea etortzeko gogoz dago. Herritarrak ibili ziren, baina Elgoibar eta inguruetatik ere jende asko etorri zen. Beste urtetan baino jende gehiago ibili da”.
Lehiaketa. Goizeko jardunaren ostean, 18:00etan I. Artzain Txakur Lehiaketa ikusteko aukera eduki zuten bertaratu zirenek, Errekarteko zelaian: “Oso polita izan zen, eta jende asko ibili zen. “Lehiaketa herri barruan izan zenez, herriko jendea etorri zen ikustera”. Berez sei parte hartzaile ziren arren, azkenean bostek parte hartu zuten: “Oso erakusketa polita izan zen; bostek egin zuten lana oso ona izan zen, eta Bariñagako Igorrek ere lan oso ona egin zuen”. Hain zuzen ere, Igor Elordi markina-xemeindarra izan zen eskualdeko parte hartzaile bakarra: Lagun txakurragaz 276 puntu eta hirugarren postua lortu zituen. Bere aurretik geratu ziren Mikel Pagazaortundua eta Lay bigarren postuan (280 puntu), eta Peio Segurola eta Lur lehenengo postuan (290 puntu). Atzetik, berriz, Javi Gastañaga eta Cool (246 puntu) eta Jon Olivares eta Urdin geratu ziren (236 puntu).