Hondakin bilketarako kamioien estalkiak irekita eramaten dituztela salatu du Eguzkik
Ingurumenaren interesak eta herritarren pribatutasuna defendatzeko exijitu die Eguzkik hondakinen kamioiak kudeatzen dituzten arduradunei.
Ez da lehen aldia Lea-Artibaiko Eguzki talde ekologistak hondakin bilketarekin arduratzen diren kamioiek hondakinak pilatzen diren lekuko estalkiak irekita daramatela salatzen duena. “Hondakinak gordetzen dituzten tokiko estalkiak irekira eramaten dituzte, ondorioz, batetik bestera egiten dituzten bidaietan zamaren zati bat galtzen joaten dira. Zenbait eta abiadura handiagoa, orduan eta errazago irteten dira kamioitik”.
Arazo hau hiriarteko eremuetan errazago gertatzen dela aipatu dute Eguzkiko kideek, eta honek, ingurumenari kaltea eragiten diola. “Hori gutxi balitz, lurrera jausten diren paperen artean, herritarren dokumentu pribatuak aurkitu ditugu, hala nola, ohar pertsonalak, bankuko ordainagiriak… beraz, honek ekarri ditzaken ondorioak larriak izan daitezke eta informazioa modu txarrean ibiliz gero, Datu Pertsonalak Babesteko Legea urratu lezake”.
Ingurumenaren interesak eta herritarren pribatutasuna defendatzeko beharra azpimarratu du Eguzkik. “Hondakinen kamioiak kudeatzen dituen enpresari ingurumenaren interesak eta herritarren pribatutasuna defendatzeko eskatu nahi diegu. Izan ere, birziklapen txar batek ez dio inolako mesederik egiten tasak handitzeari. Arazoa konpontzeko neurriak hartu behar dira”. Lea-Artibaiko Eguzki talde ekologistatik birziklatzeko eta honen garrantziaz jabetzeko deia luzatu nahi dute eskualdera.