Atletismoko Bizkaiko Txapela, Lea-Artibaira
Lekeitioko Tximista Atletismo taldeak hirugarren postua lortu du; Lea-Artibaiko hainbat atleta dabiltzan Durango Kirol Taldeak, berriz, txapela eskuratu du.
Lea-Artibaiko atletek Bizkaiko Txapelketan parte hartu zuten joan den zapatu eta domekan [ekainak 8 eta 9], eta marka ezin hobeak lortuta itzuli dira etxera. Bakarka lehiatzeaz gain, hainbatek taldeka ere parte hartu zuten, eta Lekeitioko Tximista atletismo taldeko emakumezkoek hirugarren postua lortu dute. Era berean, Lea-Artibaiko hainbat atletek parte hartzen duten Durango Atletismo taldeak lehenengo postua lortu du, bai gizonezkoetan eta baita emakumezkoetan ere.
Zapatu [ekainak 8] arratsaldean jokatu zuten lehenengo jardunaldia. Emakumezkoetan zazpi taldek parte hartu zuten, eta gizonezkoetan, zortzik. Tximista atletsimo taldekoen asmoa taldeko atleta bakoitzak proba denak egitea zen arren, bajak tarteko, ezin izan zuten helburua lortu. Hala ere, proba “oso ondo” hasi zuten: “Zorionez, proba oso ondo hasi genuen, pentsa baino gauza politagoak egiten. Batzuek, gainera, marka pertsonalak ere egin zituzten”. Zapatukoa amaitzerako, bosgarren sailkatu ziren Tximistakoak.
Domeka [ekainak 9] goizean, aldiz, bigarren jardunaldia egin zuten, eta hirugarren postua lortu zuten: “Harro gaude egindakoarekin, ze, azkenean herri txiki bateko kluba gara, eta eduki ditugun aurkariak herri handiagoetakoak dira, baliabide gehiago dituztenak. Zoritxarrez, baja batzuk eduki genituen, baina hala ere, oso ondo atera genuen aurrera”.
Durango Kirol Taldekoek talde bana aurkeztu zuten emakumezkoetan eta gizonezkoetan, eta marka ezin hobeak lortuta itzuli dira etxera: “Mutiletan oso alde handiarekin lortu genuen lehenengo postua, eta nesketan ere, nahiko zati handiarekin lortu zuten irabaztea”.