Eguzkipean ospatu dute San Joan Txiki eguna Ziortza-Bolibarren
Herriko Zeargoi dantza taldeak emanaldia eskaini du mezaren ostean. Andoni Lariz alkateak jaien balorazio "oso ona" egin du.
Meza ostean elkartu dira gaur [ekainak 25] Ziortza-Bolibarreko herritarrak plazan. Umeek hartu dute protagonismoa, izan ere, San Joan txiki eguna ospatzen ari dira eta Zeargoi dantza taldeak emanaldia eskaini du. Bigarren urtea da dantza taldeak emanaldia eskaintzen duena, eta ezin pozago hartu dute familiakoek nahiz lagunek dantzari txikienen saioa. Eguzki berotan, baina ezin alaiago egin dituzte dantzak herritarrek.
Arratsaldean ere, izango dute zer egina ziortza-bolibartarrek. Umeentzako zirku tailerra egongo da frontoian Zikokoloretsuaren eskutik, eta ondoren izozkia emango dute ume nahiz nagusientzat. Hori gutxi balitz, karta jokoak gustuko dituztenek ere ez dute aspertzeko astirik edukiko. Umeak zikuan dabiltzan bitartean, gainontzekoek briska txapelketan jokatzeko aukera edukiko dute, 17:00etatik aurrera.
Hala emango diote amaiera aurten San Joan jaiei. Andoni Lariz Ziortza-Bolibarko alkateak jaien balorazio “oso ona” egin du: “Oso ondo joan dira jaiak, parte hartze oso handiarekin. Dena baloratu da ondo, baina, batez ere, zapatuan egon zen Oxabiren emanaldia”. Zapatua izan zen, hain zuzen ere, jende gehien elkartu zuen eguna: “170 lagun herri bazkarian, aurretik trikipoteoan giro izugarria Nerea Ibarzabal eta Josune Aramendirekin, ostean herri olinpiadak parte hartzen handiarekin… sekulako giroa egon zen. Gauean kanpoko gazteak ere etorri ziren, eta oso ondo egon zen”. Era berean, atzo [ekainak 24] ere “jende mordoa” elkartu zen plazan, herri kirolak ikusteko asmoz: “Bi orduko saioa eskaini zuten herri kirolariek, eta giro itzela egon zen plazan”
Hori horrela, herritarren lana eskertu nahi izan dute udaleko ordezkariek: “Jendearen lana eskertu nahi dugu, ze, denon artean antolatutako jaiak izan dira, eta denon artean egin ditugu lanak; horregatik izan da posible hau aurrera ateratzea”.Â