Martxan daude Lekeitioko Mendieta Ontziolako lanak
Lekeitioko Udalak taberna, komunak eta sorosleentzako tokiak egingo ditu bertan.
Lekeitioko Udalak martxan ipini ditu Mendieta Ontziolako lehenengo faseko obrak. Lanen erdia joan den urtean jasotako Next Generation Europako diru funtsetatik lortutako diruarekin finantzatuko dituzte; milioi bat euro jaso zituen udalak, eta lanen lehenengo faseak 580.000 euroko kostua izango du. Horren ostean bigarren faseagaz hasiko dira, eta horren finanatzazioa udalaren esku egongo da.
Hala, lanen helburua herritarrek hondartzan kalitatezko zerbitzuak edukitzea da. Horretarako, taberna, komunak eta sorosleentzako tokiak egingo dituzte bertan. Halaber, lanak direla-eta, udalak ezin izan du komunik ipini Isuntza hondartzako puntan. Izan ere, lanak aurrera eroateko hainbat azpiegitura ipini behar izan dituzte, eta “espazio nahikoa” behar dute lanak “ondo” egiteko. Bestalde, sorosleen postua ere toki “egoki eta ikusgarrian” ipintzea lehenetsi dute, herritarren segurtasuna bermatzeko asmoz.
Next Generation proiektuak. Europatik jaso dituzten dirulaguntza horiek turismoari begirakoak diren arren, udaleko ordezkariek azaldu dute hasieratik hainbat puntu “argi” eduki dituztela: “Bat, dirulaguntzekin finantzatuko diren proiektuak herriak lehendik ere behar dituen proiektuak izan behar direla, eta bi, finantzatuko diren ekintzak turismo jasangarrirako izan behar direla”.
Hori horrela, Mendieta Ontziolako lanez gain, beste bost proiektu ipini dituzte martxan: aparkalekuen digitalizazioa, Trinketeko aterpetxean eguzki plakak ipintzea, Garraitz irlako aztarnen egonkortzea, GR38 ibilbidearen informazioa digitalizatzea eta Eluntzetako burdinbide historikoan konponketak egitea.