Ortiz de Mendibil-Otaño eta Mugartegi-Aldazabal, lehenengo jardunaldiko irabazleak
Euskal Herriko zesta-puntako Elite Txapelketako lehenengo jardunaldia jokatu da Mutrikun. Ortiz de Mendibilek eta Otañok 30-29 irabazi dute Gogenolaren eta Watkinsen aurka. Mugartegik eta Aldazabalek, aldiz, 30-22 irabazi diete Merino eta Lejardiri.
Barikuan [irailak 20] jokatu zituzten Euskal Herriko puntistek Zesta Puntako Emakumezkoen Elite Txapelketako lehenengo partidak Mutrikun, eta “maila oso ona” erakutsita amaitu txapelketako lehenengo jardunaldia. Antolatzaileak “pozik” geratu dira Elite Txapelketaren estreinaldairekin: “Partida politak izan ziren biak. Nahiko goizo zen, eta uste genuen agian jende gutxiago etorri zela, baina frontoia kurioso egon zen. Partida biak, gainera, oso estu egon ziren”.
Lehenengo partidan Gogenola (Berriatua) eta Watkins (Zumaia) aritu ziren Ortiz de Mendibilen (Danok Bat) eta Otañoren (Danok Bat) aurka. Mutrikuko Danok Bat elkarteko antolatzaileen esanetan, laurak “oso txukun” ibili ziren arren, Ortiz de Mendibilek eta Otañok partida dominatu zuten 27. tantora arte. Hala ere, “momenturik txarrenean” berriatuarrak eta zumaiarrak aurrea hartzeko aukera eduki zuten, eta ondo aprobetxatuta, aurretik ipini ziren 29-27. Lehia “estua eta zirraragarria” izan zenaren erakusgarri, 29na ipini ziren bi bikoteak; azkenean, Danok Bat elkarteko puntistek lortu zuten irabaztea, 30-29.
Bigarren partida, aldiz, Mugartegik (Markina-Xemein) eta Aldazabalek (Berriatua) hasieratik dominatu zuten Merinoren (Gazteleku) eta Lejardiren (Markina-Xemein) aurka. “Lejardi markina-xemeindarran indartsua den arren, baliteke Merino aurrean behar bezala ibili ez izana”, azaldu dute antolatzaileek. Hala, ahulgune hori aprobetxatuz, Mugartegik eta Aldazabalek abantaila atera, eta “goitik-behera” dominatu zuten partida, 30-22 irabazita.
Lehenengo jardunaldia goi-goitik hasi dute, eta hurrengoak ere, hala espero dituzte. Barikuan, 19:30etik aurrera, jokatuko dituzte hurrengo partidak: Gogenolak Aldazabalekin jokatuko du Mugartegiren eta Watkinsen aurka, eta ostean, Ortiz de Mendibil eta Lejardi ariko dira Merino eta Otañorekin lehian. Hala, lehenengo jardunaldiko “giro polita” errepikatzea espero dute: “Giro polita egon zen frontoian, eta ostiral honetan ere hala izatea espero dugu. Puntistek ilusioz hasi dute txapelketa, eta euren onena ematen. Hasiera oso positiboa izan da. Animatu denok frontoira etortzera, maila polita dago eta ostiralerako plan polita izan daiteke”.