Egutegi lehiaketara izena emateko epea, zabalik
Beste urte batez, Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoak abian ipini du 2025. urterako egutegi lehiaketa. Argazki, marrazki eta ordenagailuz eginiko konposizioei zuzendutako lehiaketa izango da, eta urriaren 27ra bitarteko epea egongo da izena emateko. Antolatzaileek argitara eman zituzte parte hartzaileek aintzat hartu beharreko baldintza zein alderdi guztiak: argazkiak Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoa osatzen duten udalerrietako batean ateratakoa izan behar da; jendea agertzekotan, horretarako baimena eduki beharko du egileak; inoiz argitaratu gabekoak izan beharko dira; partaide bakoitzak gehienez lau lan aurkeztu ahalko ditu; azkenik, mankomunazgoaren esku geratuko dira lanen erabilerari dagozkion eskumen guztiak.
Parte hartzaileek lanari izenburua ipini beharko diotela eta non aterata dagoen zehaztu. Posta elektroniko bidez (mankomunazgoa@gmail.com) aurkeztu beharko dira proposamenak, egilearen izen-abizenekin batera. Bestalde, lanek JPG formatua eduki beharko dute, eta gutxienez 10 Mpx-ko tamaina.
Sariak.
Epaimahaiaren nahiz ikusleen sariak egongo direla aurreratu dute antolatzaileek. Biak ala biak 250 eurokoak izango dira. Ikusleen sarirako QR kodea eskuragarri ipini dute, eta azaldu azaroaren 4tik 10era bitartean bozkatu ahalko dutela herritarrek. Lanak bidaltzen dituzten parte hartzaileek ere, bere lanetatik bat hautatu beharko dute, ikusleen sarirako. Boto gehien poltsikoratzen dituzten 12 lanak argitaratuko dituzte egutegian, bakoitzaren izenburuagaz eta egilearen izen-abizenekin.