Hastear da Mutrikuko binakako pala txapelketa
Hiru kategoria desberdinetan berezi dute Mutrikuko binakako pala txapelketa, eta hiruretan, "oso maila ona" egongo dela azpimarratu dute antolatzaileek.
Eguaztenean [urriak 9] emango diote hasiera Mutrikuko Danok Bat Elkarteak udalarekin batera antolatutako Binakako Pala Txapelketari, Muruaitz pilotalekuan. Irailaren 28an [zapatua] hasi behar bazen ere, egun batzuk atzeratu zuten, eta eguaztenean izango dira lehen partidak, ondoren, asteburuan jarraituko du txapelketak.
Hiru mailatan bereizi dute txapelketa, eta hiruretan, “maila oso ona” egongo dela aipatu dute antolatzaileek: “Lehenengo mailan, zer esanik ez, beti egoten da maila ona. Baina, aurten, uste dut bigarren mailan inoizko maila handiena egongo dela jokalarien artean”. Lau bikotek eman dute izena lehenengo mailan, pasa den urtean bezala: “Lehenengo mailan jendea apuntatzeko beti egoten dira arazoak”. Bigarrenean hogeita bi bikote apuntatu dira, eta mutrikuarrez gain, inguruko herrietatik ere etorriko da jendea: “Ondarroa, Lekeitio eta Amorototik ere etorriko da jendea, baita ere, Gipuzkoatik ere”. Hirugarren mailan hamar bikotek eman dute izena eta hemen ere maila altua egongo dela aipatu dute antolatzaileek.