Aritz Erkiaga, Jai Alai Ligaren jabe bihurtzetik urrats bakarrera
Hilaren 7a eta 21a artean, Jai Alai Ligaren Lauko Finala lehiatuko dute Durangoko Ezkurdin. Aritz Erkiagak, sailkapenaren agintean den puntistak, Thibault Basque izango du bikote, Xabier Lauzirikaren eta Imanol Lopezen kontrako finalerdian.
Jai Alai Liga bere amaierara heltzear da. Durangoko Ezkurdi frontoian erabakiko da txapelketa, eta egungo zortzi puntistarik puntakoenak elkartuko ditu, Lauko Final itxuran. Gaur [urriak 3] aurkeztu dute azken lehia hori. Aritz Erkiaga, 24.130 puntugaz, ligako onenaren saria poltsikoratzeko hautagai nagusia da; aurten seina Slam eta Master irabazi ditu ispastertarrak. Bikote izango du egungo atzelaririk lehiakorrena: Thibault Basque bidartar gaztea.
Behin-behineko sailkapenean lehen aurrelariak eta atzelariak laugarrenen kontra jokatuko dute Lauko Finalean; bigarrenek, ostera, hirugarrenen aurka. Hortaz, Erkiagak eta Basquek Xabier Barandika gernika-lumotarra eta Imanol Lopez zumaiarra edukiko dituzte aurrez aurre, hilaren 14an. Azken bikote hori ozta-ozta sailkatu da ligaren azken txanpara.
Hilaren 7ko lehen finalerdiak Johan eta Gorka Sorozabal Ludovic Ladutxe eta Julen Del Rioren kontra elkartuko ditu
Hori orduko, datorren astelehenean, lehen finalaurrekoa jokatuko dute Johan eta Gorka Sorozabal miarriztar anaiek, bigarrenek, Ludovic Ladutxe baionarraren eta Julen Del Rio gasteiztarraren kontra. Gutxigatik bada ere, Lauko Finaletik kanpo geratu dira Jean Dominique Olharan pauetarra eta Jerome Portet foixtarra, sailkapeneko bosgarrenak. Final handia urriaren 21ean jokatuko dute.
Ziklo baten bukaera.
Iñigo Gorostola durangarra bere jaioterrian omenduko dute lehen jardunaldian. Kantxan Arrieta legez ezagun izan arren, handik kanpo Kakatza ezizena du. Gorostolak amaiera ipiniko dio 20 urtetik gorako ibilbideari. Puntista izateaz gain, Ameriketako pilotarien sindikatuaren, IJAPAren, presidente ere izandako da. Beteranoak Unai Lekerika gernika-lumotarra izango du bikotekide; Eñaut Urreisti mutrikuarra eta Jon Bullet Zabala markina-xemeindarra, aldiz, aurkari.
Eraman Jai Alai enpresak denboraldiaren “balorazio oso ona” egin du. Hamaika hilabetez 100 partidutik gora antolatu dituzte, hamar egoitzatan; 47 pilotarik parte hartu dute, eta hainbat izan dira sarrera denak saldu dituzten frontoiak. Durangoko hitzordukoak, hain zuzen, salgai daude, Eraman Jai Alairen webgunean.