Feminismoz bustitzeko aukera, Ondarroako Etxelilan
Bi zerbitzu berri egongo dira aurten. Alde batetik, emakumeentzako aholkularitza juridikoa, eta bestetik, sexu aholkularitza bulegoa.
Ikasturte berriarekin batera programazioa aurkeztu du Ondarroako Etxelilak. Oraingoan ere, Ondarroako Udalaren berdintasun sailak eta Etxelilak, elkarlanean, ekintza eta zerbitzu desberdinez betetako egutegia osatu dute. Horrez gain, aurten, bi zerbitzu berri jarriko dituzte martxan: Emakumeentzako aholkularitza juridikoa eta sexu aholkularitza bulegoa.
Azaldu dutenez, sei oinarri izango ditu aurtengo programazioak: “Solasaldi irekiak, ikastaroak, gizonezkoentzako ikastaroak, talde irekiak, erakusketak eta zerbitzu berriak”. Solasaldi irekien zikloari dagokionez, “gai desberdin asko” landuko dira bertan, “arloz arloko adituekin”, besteak beste, “Literatura Miren Agur Meabe eta Uxue Alberdirekin, haurdunaldi subrogatuak June Fernandezekin eta indarkeria obstentrikoa Estitxu Fernandez eta Nahia Alkortarekin”. Horrez gain, herriko hizlariek ere lekua izango dute; Mijo Lizarzaburu edo Andrak Erramutan taldeko kideek, adibidez.
“Maskulinitateari buruzko gogoeta kritikoa sustatzeko” eta “gizonezkoek feminismoaz hausnartzeko” tailerrak egongo dira. Independenteak izango dira bata bestearekiko, eta adierazi dutenez, “ez da beharrezkoa guztietan izena ematea”. Ondorengoak izango dira gizonezkoei bideratutako tailerrak: Indarkeria matxista identifikatzen al dugu guztiok?, Aitatasun aktiboak eta arduratsuak, gizontasuna eta sexualitatea: zerk egiten nau hetero?, eta eraso matxistak eta hauen kudeaketa: zein da gizonon erantzukizuna?
Jabekuntza eskolari dagokionez, sei ikastaro eskainiko dira honen baitan: “Literatur tailerra, euskal wiki-emakumeok Ondarroan, emakumeen zikloak eta osasun hormonala, zoru pelbikoa lantzen, coaching feminista eta bizikleta mekanikoen tailerra.
Urteroko programazioaren baitan lekua izaten duten bi oinarriek ere, martxan jarraituko dute: talde irekiak eta erakusketak. Talde irekiei dagokionez, lau dira Etxelila barruan antolatzen direnak: Andrabanda Feminista, Boga-Boga emakumin Elkartea, Gazte feministen txokoa eta Aringaingan. Erakusketei dagokionez, hiruk izango dute lekua aurtengo programazioan: “urria eta abendua bitartean Hormak Palestina erakusketa egongo da, martxoan Bollologia: Euskal Herriko bolleron mugimenduaren genealogia bisual bat (1977-2010) eta maiatza eta ekaina bitartean, LGTBIQ+fobiaren gorroto delitu eta diskurtsoak.
Bi zerbitzu berri. Sexu aholkularitza bulegoa eta Emakumeentzako aholkularitza juridikoa dira aurten martxan jarri dituzten zerbitzu berriak, bi zerbitzuak hamabost egunetik behin egongo dira. Sexu aholkularitza bulegoari dagokionez, martitzen goizetan bulego ibiltariaren forma hartuko du, hau da, ikastetxeetan finkatuta egongo da, bertan, aholkularitzak egiteko. Arratsaldeetan, herri guztiarentzako egongo da, Laia 3.0 Elkartea arduratuko da zerbitzu honekin. Emakumeentzako aholkularitza juridikoari dagokionez, eguen arratsaldetan egongo da, Irule Abokatuaken eskutik. “Emakumeentzako zerbitzua izango da soilik eta zerbitzua jaso dezakete bizi duten gatazkaren fasea edozein izanda ere: prozesu judizialen aurreko egoerei buruz, martxan dauden prozesu judizialen inguruan eta hauek izan ditzaketen ondorio eta eraginei buruz”. Esparru zabala barnebiltzen duen zerbitzua dela azpimarratu dute.
Etxelilaren ordutegiari dagokionez, goizetan, eguaztenetan eta eguenetan egoten da irekita, 10:00etatik 13:00era. Arratsaldetan, martitzenetik barikura, 16:00etatik 20:00etara.