Galdutako bide bat berreskuratu dute Ziortza-Bolibarren
Ondarearen Europako Jardunaldien baitan, Gorriñoz eta Zubedi baserrien arteko bidea berreskuratu dute. Domekan [urriak 6], bidea ezagutzera joateko ibilaldia egingo dute, 11:00etan, plazatik irtenda.
Ondarearen Europako Jardunaldien baitan, galduta zegoen bide bat berreskuratuko dute domekan [urriak 6] Ziortza-Bolibarren, Gorriñoz baserritik Zubedi baserrira doana, hain zuzen ere. Izan ere, Europako jardunaldien baitan, gai orokor bat ipintzen dute, eta parte hartzen duen herrietako bakoitzak berera ekartzen du; aurtengo gaia Kulturaren Bideak izan da.
Hori horrela, Ziortza-Bolibarren bide hura berreskuratzeko ideia garatu zuten: “Guk erabaki dugu Gorriñozetik Zubedirako galduta zegoen bidea berriro zabaltzea. Horretarako, garbiketa lanak egin ditugu”. Azken hilabeteetan ibili dira, hain zuzen ere, garbiketa lanak egiten, eta azken ukituak domeka heldu aurretik emango dizkiete. Hori horrela, 11:00etan plazan elkartuko dira ziortza-bolibartarrak, eta kilometro bat baino zertxobait gutxiagoko bidea egingo dute elkarrekin. Ostean, gainera, luntxa edukiko dute bertaratzen direnek.