Iker Badiola Etxaburu Euskal Herriko Unibertsitetako Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendari berri izendatu dute
Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean irakasle izateaz gain, Biologia Zelularra eta Histologia Saileko zuzendari akademikoa ere bada.
Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendari berria izango da Iker Badiola Etxaburu ondarrutarra, EHUko errektorea den Eva Ferreirak horrela izendatuta. Hala, Juan Ignacio Perez Iglesias ordezkatuko du Badiolak.
2001. urtean Biologia Zientzietan lizentziatu zen izendatu duten zuzendari berria, eta 2007an, doktore titulua lortu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Egun, irakaslea da unibertsitate bereko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean, eta horrez gain, Biologia Zelularra eta Histologia Saileko zuzendari akademikoa da. “Helburu nagusia Katedrak zientzia-dibulgazioan duen erreferentzialtasunari eustea da. Gizarteari ezagutza hedatzen jarraitu dugu gizarte eragile desberdinekin lankidetzak sortuz eta saretuz”, adierazi du zuzendari berriak.
2006an ikertzaile gazte onenaren saria jasotzeaz gain, 2019an Galiziako Zientzien Errege Akademiako Ernesto Vieitez saria eskuratu zuen, “gibeleko metastasiaren aurkako terapia bat garatzeagatik”. Hogeita zortzi artikulu zientifiko argitaratu, Histologiari buruzko lau liburu idatzi, eta hiru doktoretza tesi zuzendu ditu, besteak beste. Gaur egun, “gibeleko metastasiaren aurkako terapia berriak lortzeko” lanean ari da Euskal Herriko Unibertsitateko Signalin Lab taldean. Horrez gain, “El cangrejo de Troya”, minbiziaren oinarri zelular eta molekularrak azaltzen dituen dibulgazio liburua ere idatzi du.
2010. urtean sortu zen EHUko Kultura Zientifikoko Katedra, unibertsitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiak aurrera eramandako akordioaren ondorioz, eta Iker Badiola Etxaburu, katedrak sorreratik izan duen bigarren zuzendaria izango da.