Ligaxka fasea, amaitzear
Elite Mailako Emakumezkoen Euskal Herriko Zesta-Punta Txapelketaren ligaxka fasea barikuan [urriak 4] burutuko da. Ondoren lehiatuko dituzte hala finalaurrekoak, nola finala.
Emakumezkoen Elite Mailako Euskal Herriko Zesta-Punta Txapelketa aurrera doa. Bihar [urriak 4], lehiaketaren hirugarren jardunaldia jokatuko dute eta horrekin amaitutzat emango dute txapelketaren ligaxka fasea. Hirugarren jardunaldian, Elaia Gogenola berrituarrak eta Oaia Otaño mutrikuarrak Naroa Merino tolosarra eta Maialen Aldazabal berriatuarra edukiko dituzte aurrez aurre, lehen partiduan. Ondoren, Maite Ortiz de Mendibil arabarrak eta Frida Watkins zumaiarrak indarrak neurtuko dituzte Erika Mugartegi markina-xemeindarraren eta Arai Lejardi sopeloztarraren kontra.
Lehen norgehiagokak “hautagairik ez duela” nabarmendu dute Danok Bat klubeko antolatzaileek: “Neurketa zelan doan ikusi beharko da, aurretiaz ezin baitaiteke faborito argirik iragarri”. Hori horrela, norgehiagoka gogorra eta fisikoa izan daitekeela azpimarratu dute. Bigarren partiduari dagokionez, antolakuntzak Mugartegi eta Lejardi Ortiz de Mendibil eta Watkins baino “koskatxo bat gorago” ipini dituzte: “Bikote orekatuagoa osatzen dute, eta azken urteotako txapelketetan sobera frogatu dute hori”. Edozelan ere, Ortiz de Mendibilen sasoi puntua ere adierazgarria da; Watkins, bere aldetik, “behetik gora” egiten ari den etorkizuneko pilotaria da.
Etortzeko dagoenaz.
Ligaxka fasea borobildu ondoren, finalaurrekoen eta final handiaren txanda izango da. Finalerdiak urriaren 11n lehiatuko dituzte; finala, berriz, hilaren 25ean. Danok Batetik Miruaitzera bertaratzeko deialdia luzatu diete zesta-puntaren jarraitzaileei: “Orain arte, ikuskizun ederra eman dute parte hartzaileek, eta maila handiko jokoa egon da; datozen jardunaldiak ere ikusteko modukoak izango dira seguru”.