Palestinar herriarekin bat egiteko deia luzatu diete lekeitiarrei
Lekeitioko Palestinaren Aldeko Elkartasun Taldeak urriaren 7an egingo duen mobilizazio eta ekitaldira joateko deia egin dio herritarrei; 'Palestinar erresistentzia aurrera' lemapean elkartuko dira 19:00etan, Eskolapean. Urriaren 5eko Bilboko manifestaziora joateko deia ere egin dute.
Lekeitioko Palestinaren Aldeko Elkartasun Taldeak bi deialdi zabaldu ditu herritarren artean, Lekeitioko herritarrei parte hartzeko gonbidatuz. Alde batetik, zapatuan [urriak 5] Palestinarekin Elkartasuna plataformak deitutako Bilboko manifestaziora joateko deia luzatu dute; Palestinar erresistentzia babestu. Israel eta bere konplizeei aurre egin lemapean irtengo dira 12:00etan, Jesusen Bihotzetik. Bestalde, urriaren 7an Lekeition egingo duten mobilizazio eta ekitaldira joateko ere eskatu diete herritarrei; Palestinar erresistentzia aurrera lemapean 19:00etan elkartuko dira Eskolapean.
Gogor salatu du Lekeitioko taldeak egoera: “Israelek aurrera daraman genozidioarekin amaitu behar da, Palestinaren kasuan, ‘ibaitik itsasoraino’, palestinar herria eta bere erresistentziari, bai eta momentu honetan kolpatuak izaten ari diren inguruko herri borrokalariei ere, Libano eta Yemeni”. Hori horrela, munduko herrien erresistentziaren beharra aldarrikatu eta goraipatzen jarraituko dutela ziurtatu dute, “herri, langile eta emakumeak jopuntuak dituen inperialismo kapitalistaren aurrean”.
Urriaren 7an ipini dute Lekeitioko hitzordua egun horretan urte bete beteko delako Nakba eta erasoaldi iraunkorren aurrean palestinar herria berriz ere altxatu zenetik: “Palestinar herriaren erresistentzia ekimenak, Palestina albistegien eta munduaren erdigunean ipintzea lortu zuen, urteetako injustizia eta Palestina osoaren askatasun beharra mahai gainera ekarriz”.
Horren aurrean Israelek emandako erantzuna “argia” izan dela adierazi dute: “Genozidioarekin aurrera egitea, gorputz, eraikin eta lur, guzti-guztia birrintzeraino, inoiz telebista bidez ikusi ahal izan den sarraskirik handiena burutzeraino helduz. Israelek argi du bere helburua: Palestina herri okupatua eta inguruko herrien gainean, Israel Handia deritzon proiektu koloniala eraikitzea. Eta hori lortzeko, berdin zaio zenbat pertsona erail”. Eta hori, “munduaren begietara”, den bezala agertu dela deritzote, “desegin beharreko proiektu kolonial eta terrorista” bezala.
Alabaina, euren irakurketa “hankamotza” izango litzatekeela uste dute Palestinara soilik mugatuta, “edota Israeleko ordezkari nagusi den Netanyahu hiltzailearen zoroaldi bat dela” esatera mugatuz gero. Arrazoitu dute Palestinan gertatzen denak mundu mailako egoera orokorrarekin zerikusia duela, “hain zuzen ere, Estatu Batuek gidatzen duten inperialismo kapitalista eta beronen krisialdiarekin”.
Inperialismoa mundu mailako hegemonia politiko eta ekonomikoa galtzen ari dela salatu dute: “Bitartean, bestelako herrialde batzuk indarra hartzen ari dira: Errusia, Txina… eta, bitartean, munduan zehar zapalduta egon diren herriek askatasunaren aldeko borrokei ekin diete. Horregatik, inperialismoa, Estatu Batuek gidatuta, OTANen bidez eta Europar Batasunaren konplizitate eta menpekotasunarekin, gerra ari da hedatzen mundu osoan. Kapitalismoak krisi garaietan ohikoa duen eran, mugimendu faxista ezberdinen gorakadari bidea erraztuz edota hauek sustatuz”.