Herriko antzerki taldea bere lehenengo pausoak ematen ari da
Zapatuan [urriak 5] hainbat antzerkizale elkartu ziren Lekeition. Bigarren hitzordua urriaren 15ean ipini dute, 18:00etan.
Zapatu [urriak 5] goizean hainbat antzerkizale elkartu ziren Lekeitioko kultur etxean, antzerki taldea osatzeko asmoz. Izan ere, Lekeitio Lagunkoia taldearen ekimenari heldu, eta herriko antzerki taldea sortu gura dute hainbat herritarrek. Hori horrela, zapatuan bertaratu zirenek interesa erakutsi zuten proiektua aurrera ateratzeko.
Antton de la Lama Lekeitioko Udaleko kultur zinegotziak udalak eskaini ditzakeen laguntzak aipatu zituen. Era berean, azaldu zuenez, bat egiten du heltzear dagoen Lekeitioren 700. urteurreneko ospakizun eta filosofiarekin ere. De la Lamagaz batera egon ziren Lagunkoi taldeko Kontxi, Marijo eta Julian ere, eta kafe tertulietan landutakoa mahai gainean ipini zuten, herritar nahiz ingurukoei taldearen sorreran parte hartzeko deia eginaz; izan ere, Lekeitioko antzerki taldea izatetik haratago, inguruko herritar guztiak gonbidatu zituzten lehenengo bilerara.
Hala, zapatuan bertaratzeko aukerarik eduki ez zutenentzat beste hitzordu bat ipini dute. Urriaren 15an, 18:00ean, bigarren bilera irekia egingo dute Lekeitioko kultur etxean: “Egun horretarako gonbidatuta daude antzerkiarekiko zaletasuna duten guztiak: aktore modua aritu nahi dutenak, talde zuzendaritzan, laguntzaile lanetan… Ea denon artean Lekeitio eta eskualdeko antzerki talde berria sortu dezakegun”.