Areto bete jende batu zen 'Indarkeriaren oi(h)artzunak' dokumentalaren proiekzioan
Esteban Muruetagoiena Scola mediku ondarrutarratari egindakoa bere alaba Tamara Muruetagoiena Hormazaren ahotik entzuteko aukera izan zuten bertaratutakoek.
Indarkeriaren oi(h)artzunak dokumentalaren proiekzioa egon zen Ondarroako Kofradia Zaharrean domekan [urriak 6]. ETAk Tamara Muruetagoienaren familia bahitu eta Estatuak Esteban Muruetagoiena, aita, torturapean hil zuen, 40 urte hauetan Tamara Muruetagoienak egiaren eta justiziaren bilaketa nekaezina egin ostean, lehen pertsonan, familiak bizitako tragedia kontatzen du dokumentalak.
Bi saio egin zituzten Ondarroan, bata eguerdian, eta bestea iluntzean. Iluntzekora agertu zen Muruetagoiena, senide batzuekin batera, eta aretoa jendez bete zen. Bertaratu zirenen arabera “oso hunkigarria” izan zen saioa, eta Muruetagoienak eskerrak eman zien Ondarroako eta Oiartzungo Udalei, proiekturako emandako laguntzagatik. Bestalde, Urtza Alkorta alkateak Muruetagoienak egindako lana eskertu zuen, “torturaren gaia bistaratu, eta erreparazioa lortzeko, justizia bilatzeko lana egitearren“.