Finalaurrekoen txanda iritsi da
Ligaxka fasea amaituta, Emakumezkoen Elite Mailako Euskal Herriko Txapelketa finalerdien zain dago. Datorren barikuan [urriak 11], Erika Mugartegi-Arai Lejardi bikoteak Naroa Merino-Wrida Watkins bikotea edukiko du aurrez aurre, lehenik; ostean, Elaia Gogenolak eta Oaia Otañok Maite Ortiz de Mendibilen eta Maialen Aldazabalen kontra neurtuko dituzte indarrak.
Mutrikuko Miruaitz pilotalekua Emakumezkoen Elite Mailako Euskal Herriko Zesta-Punta Txapelketaren ligaxka fasearen testigu izan da azken asteotan. Lehiak, orain, beste etapa batera jauzia egin du: finalaurrekoen txanda iritsi da.
Ligaxkaren hirugarren jardunaldian, maila handiko norgehiagokez gozatu ahal izan zuten ikusleek. Batetik, Elaia Gogenola berriatuarrak eta Oaia Otaño mutrikuarrak 30 eta 27 gailendu ziren Naroa Merino tolosarraren eta Maialen Aldazabal berriatuarraren kontrakoan. Lehen neurketan, kantxan aritutako lau puntistek “lan polita” egin zutela nabarmendu dute Danok Bat klubeko antolatzaileek. Gogenola eta Otaño gogotik saiatu behar izan ziren, garaipena poltsikoratzeko. Markagailuak une batean ere ezzuen bikote baten alde argi eta garbi egin, eta azken txanpan hartu zuen aurrea berriatuarrak eta mutrikuarrak osaturiko bikoteak.
Beste finalerdian, Erika Mugartegi eta Arai Lejardi markina-xemeidarrek 30 eta 7ko markagailuagaz irabazi zieten Maite Ortiz de Mendibil arabarrari eta Frida Watkins zumaiarrari. Ortiz de Mendibilek egun iluna bizi izan zuen ligaxkako azken partiduan. Sukarrak gogor jipoituta, gaixorik jokatzea erabaki zuen, baina une batean ere ez zuen bistaratu bere ohiko mailarik. Watkins bikotekidea behin eta berriro saiatu zen arabarraren hutsa nolabait orekatzen, baina ez zuen lortu. Mugartegik eta Lejardik, beren aldetik, ez zuten barkatu: nagusi izan ziren uneoro, eta ez zuten beraien jokoan inongo arrakalarik erakutsi.
Finalerdiei dagokienez, Mugartegik eta Lejardik Merinoren eta Watkinsek kontra jokatuko dute lehenengo; ostean, Gogenolak eta Otañok Ortiz de Mendibil eta Aldazabal izango dituzte arerio. Orain arte bezalaxe, maila handiko partiduak izatea aurreikusten du antolakuntzak. Hori bai, finalerdiek “bestelako xarma” edukiko dutela aurreratuta, Miruaitzera bertaratzeko deialdia egin diete zesta-puntaren jarraitzaileei.
Sailkapena.
Parte hartzaileen bakarkako sailkapenean, Mugartegi da aurrelaririk onena, gaur-gaurkoz; 220 puntu ditu, bigarren sailkatu Gogenolak baino 80 gehiago. Bai Ortiz de Mendibilek, bai Merinok, hurrenez hurren, 120 puntu dituzte. Atzelarien lehian, Lejardi da, 200 puntugaz, aurreratuena. Etxeko puntistak, Otañok, 160 ditu, eta Aldazabalek, berriz, 140. Watkins gazteak, azkenik, 100 puntu ditu patrikan, egun.