ROALeko langileek bizi duten "egoera larria" salatu dute
Astelehenean [urriak 7] Gardotza Industrialdean elkartu ziren langileak, eta datozen egunetarako beste hiru elkarretaratze deitu dituzte.
Gardotza Indutrialdeko ROAL enpresako langileak kalera aterako dira bizi duten “egoera larria” salatzeko. Irailaren amaieran enpresa hortako langileek eskubideak urratuak izaten ari zirela salatu zuten, kalean jarraituko zutela adierazita. Hala, urrirako lau elkarretaratze berri deitu dituzte.
Langileen helburua beraien lanpostua defendatu eta enpresari soldatak ordaintzea exijitzea da. Izan ere, enpresak igaro dituen lau urte gogorren ondorioak beraiek pairatzen dituztela azaldu dute; langileak “aldi baterako erregulazio bukaezinak” jasaten ari dira, eta ez dakite hurrengo egunean lanera edo langabezira joango diren. Gainera, soldatak kobratzerakoan atzerapenak izaten ari dira: “Bi nomina kobratu gabe gaude, baina egunero lanera joan behar!”.
ROALeko langileek beraien lanpostuak “mantendu eta duintzeko” helburuagaz egin dute lan urte hauetan, baina erantzukizuna hartu eta irtenbidea bilatzea enpresari dagokiola adierazita, kalera atera atera ziren astelehenean [urriak 7], Gardotza industrialdean. Horrez gain, hiru data gehiago zehaztu dituzte datozen egunetarako: eguenean[urriak 10], 13:30ean, Berriatuko futbol zelaian elkartuko dira. Urriaren 14an [astelehena] berriz, Gardotzan jarri dute hitzordua, 13:30ean. Laugarren elkarretaratzea, eta momentuz iragarria duten azkena, urriaren 17rako deitu dute, 19:00etan, Ondarroako zubi zaharrean.