Azaroaren 25eko programazioa antolatzeko Lankidetza Mahaia egingo dute Etxebarrian
Etxebarriko Parekidetasun Batzordeak herritar denen ahotsak batu nahi ditu; urriaren 24an, 18:30ean elkartuko dira, udaletxean.
Hilabete baino apur bat gehiago geratzen da azaroaren 25erako, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunerako. Hori horrela, Etxebarriko Parekidetasun Batzordeak herritarrekin batu nahi du, egun horretarako programazioa diseinatzeko: “Aurten ahotsak eta ahaleginak batu nahi ditugu Lankidetza Mahai baten bitartez, egun garrantzitsu honen programazioa diseinatzeko topagunea izango dena”.
Kolektiboki jardutearen garrantzia azpimarratu nahi izan dute: “Data horrek gogorarazten digu premiazkoa dela kolektiboki jardutea, emakumeok, emakume izanagatik, jasaten dugun edozein indarkeria mota desagerrarazteko”. Hala, herritar denei eskatu diete parte hartzeko: “Eragile bakoitzaren parte hartzea (herritarrak edo elkarteetako ordezkariak) funtsezkoa da gure herriaren errealitatea, beharrak eta ahotsak islatuko dituen programazioa lortzeko”. Martxan ipiniko dute prozesua, parte hartzailea izateaz gain, “inklusiboa eta aberasgarria” izatea nahi dute, eta beraz, proposamen guztiak izango dira ongi etorriak.
Hala, urriaren 24an egingo dute Lankidetza Mahaia, 18:30ean, udaletxean: “Azaroaren 25a indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko hausnarketa, ekintza eta konpromiso egina izatea espero dugu”.