Izei ukendu balsamikoa egiten ikasteko aukera egongo da Amoroton
Urriaren 26an tailerra eskainiko du Garbiñe Larreak. Parte hartzeko izena eman behar da.
Beste behin ere, Garbiñe Larrea urnietarraren jakinduriagaz ikasteko aukera edukiko dute amorotarrek. Joan den maiatzean sendabelarrekin gibela garbitzen ikasteko saio teoriko eta praktikoagaz gozatu zuten herritarrek, eta oraingoan, izei ukendu balsamikoa egiten ikasiko dute.
Amorotoko Udalak antolatuta, urriaren 26an izango da tailerra. Jakinarazi dutenez, bi ordu inguruko saioa izango da, 10:30ean hasita. “Vicks VapoRub famatuaren baliokide osasuntsua egiten ikasiko dugu”, azaldu dute antolatzaileek. Izan ere, Larrea naturopata kolegiatua izateaz gain, hezitzaile ayurvedikoa ere bada. Gainera, Sendabelarrek dakitena. Ezagutu, bildu eta erabili liburua argitaratu zuen 2021ean.
Hori horrela, tailerrean 30 lagunek parte hartu ahalko dute. Urriaren 8ra arte herritarrek soilik eman zezaketen izena, baina, gaurtik [urriak 14] aurrera parte hartu nahi duten denek eman ahalko dute izena. Hiru bide zabaldu dituzte horretarako: udaletxera joanda, 94-684 25 49 telefonora deituz, edo kultura.amoroto@gmail.com helbidera idatziz.